Anjel Lertxundirekin solasaldia, gaur Garoan
Zarauzko Garoan aurkeztuko du gaur Lertxundik ‘Zu’ eleberria (19.00), eta ondoren solasaldia izango da
zarautz - Garoa liburudendak indartsu hasi du denboraldi berria, eta asteburu honetarako ere bi liburu interesgarriren aurkezpenak antolatu dituzte. Batetik, Anjel Lertxundiren Zu eleberri berria ezagutzeko aukera izango da gaur (19.00), eta bestetik, Iñaki Zubeldiaren Martetarrak Zarautzen liburuaren aurkezpena izango da bihar arratsaldean, 17.00etan.
Anjel Lertxundiren nobelak “bizi-tzaren udazkenean” sakontzen du, eta eleberriko narratzailearen emazteak pankreako minbizia du. Istorio biografikoa idatzi du oraingoan Lertxundik, eta nobela berriaren aurkezpena egingo du gaur oriotarrak, arratsaldeko 19.00etan, eta ondoren, irakurleek idazlearekin luze eta zabal solasteko aukera izango dute.
Iñaki Zubeldiak, bere aldetik, Martetarrak Zarautzen, martzianoen bigarren zatia, argitaratu du, eta bihar liburuaren aurkezpena egingo da arratsaldeko 17.00etan. Beraz, Zarauzko literatura zaleek badute zer eginik asteburu honetan. - A.R.