donostia - Guztira 150 bat ekitaldi antolatuko dira Donostian datozen egunotan Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Hiriko hamabost auzoetan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta bihartik aurrera jada ekimen ugari antolatuko dira (batez ere azaroaren azken asteburuan). Abenduraren 3an ere, azken urteotan bezala, mintzodromoa eta bestelako ekitaldiak egingo dituzte.

Aurtengo lema da Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik eta euskaldunberriei zuzenduta dago, haiei eskerrak emateko. “Euskaldun berriek, euskara ikasi izanari esker, denoi ahalbidetzen digute gure hizkuntza erabiltzen jarraitzea nonahi: kalean, lagunartean, familian eta abar. Euskara ikasi eta erabiltzen dutenen balioa gizarteratzea eta egin duten ahalegina eta ekarpena aitortzea garrantzitsua da”, nabarmendu zuen atzo Miren Azkarate Euskara zinegotziak.

Auzoz auzo batzorde bereziak sortu dira Euskararen Egunaren inguruko ekitaldiak prestatzeko Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean. Guztira, 70 bat eragile aritu dira lanean guztiak antolatzeko. Udalak esku programa berezi bat ere prestatu du denak ezagutzera emateko eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean ere informazioa eskuragarri dago.

Urteak daramatzate Udalak eta auzoetako eragileek Euskararen Eguna elkarlanean antolatzen eta bide beretik jarraitzea erabaki dute aurten. “Auzoetako eragileak lan handia egiten ari dira euskara sustatzeko eta Udalak bidelagun ditu egiteko horretan. Elkarlana eta sinergiak bilatzea euskararen mesederako da”, gaineratu zuen Azkaratek.

Euskararen Nazioarteko Egunean bertan, abenduaren 3an, euskara ikasten ari direnentzat euskara erabiltzeko aukera ematen duten min-tzodromoak antolatuko dira 10.00etan, 11.00etan eta 17.00etan San Telmo Museoan. Zenbait auzotan ere mintzodromoak antolatuko dira, euskara praktikatzeko formula baliagarria den seinale: Altzan (abenduaren 3an), Amara Berrin eta Loiolan (azaroaren 27an). Bestalde, mintzapraktika sustatzeko Internet bidezko Mintzanet egitasmoan parte hartzeko aukera ere egongo da azaroaren 27an Kresala elkartean eta abenduaren 3an San Telmo Museoan.

Abenduaren 3an, azkenik, Euskararen Eguneko ekitaldi instituzionala antolatuko du Eusko Jaurlaritzak Tabakaleran 19.00etan.

antzerkia Bestalde, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatzen duen Gazteak antzerkira ekimenaren baitan DBHko ikasleek euskarazko bi antzerki lan ikusteko aukera izango dute Antzoki Zaharrean: Oroitzapenak eta Zurriola Antzerki Eskolako Biga taldeko gazteen Tartufo. Ia 4.000 gazte joango dira Antzoki Zaharrera. - N.G.