Egin dezakegu gure artean, lagunekin, kalean edo parkean. Hala dio ikasturte hasierarekin batera mintzalagun berriak erakartzeko abiatutako kanpainak. Azken urteotan 200 bat lagun elkartu izan dira Donostian euskaraz egiteko astero-astero eta aurten beste pauso bat eman eta 300 lortu nahi dituzte.

Bagera euskaltzaleen elkarteak jarri zuen abian mintzalagunaren proiektua duela 22 urte. Euskara ikasten ari direnei eta hizkuntza praktikatzeko zailtasunak dituztenei euskaldunekin hitz egiteko aukera ematea zen helburua eta, horretarako, bi edo hiru ikasle euskaldunzahar batekin elkartzea bururatu zitzaien. Astean ordubetez hitz egiteko elkartzen dira ordutik taldetxoak, taberna batean gehienetan edo paseatzen, hamaika gaiei buruz mintzatzeko. Bakoitzaren ordutegira egokituta eta mintzapraktika behar dutenen maila kontuan hartuta sortzen ditu taldetxoak Bagerak eta hilean behin bestelako ekin-tzak ere antolatzen ditu talde desberdinetako kideek elkar ezagutzeko eta euskaraz aritzen jarraitzeko. Donostian hasitako ekimena Euskal Herri osora zabaldu da eta iaz 6.000 lagun inguru ziren mintzalagun.

Ikasturte berriaren atarian, beste pauso bat eman nahi du Bagerak, Donostiako Udalarekin elkarlanean. Ekimena diruz laguntzea erabaki du Udaleko Euskara sailak: orain arte euskara ikasleek 75 euro ordaindu behar zituzten urtean mintzalaguna programan parte hartzeko; hemendik aurrera, Udalak bere gain hartuko ditu kostuaren bi heren eta ikasleek 25 euro bakarrik ordaindu beharko dituzte. Gainera, mintzalagunaren programaren kanpainekin ere lagunduko du Udalak.

“Ikasteko modu bakarra hitz egitea da. Hori denok dakigu, praktikatzen ez bada, hizkuntza erdoiltzen da. Eta hitz egiteko norbait behar duzu ondoan”, nabarmendu zuen atzo Miren Azkarate Kultura zinegotziak. “Egitasmoak berebiziko garrantzia du ezagutzatik erabilerarako jauzia emateko”, gaineratu zuen.

Azkarateren eta aurreko legealdian Euskara zerbitzuaren ardura zuen Nerea Txapartegiren laguntza eskertu zuen atzo mintzalaguna programaren arduradun Aitziber Guru-tzeagak. Orain, euskaltegi guztietara joango dira euskara ikasleak animatzera, programan parte har dezaten. Prezioa merketzean mintzapraktika nahi dutenen kopurua handi-tzea espero dutenez, laguntzaile gehiago ere beharko dituzte eta herritarrak izena ematera animatu zituen Gurutzeagak.

Esperientziak

“Aurrejubilatzean hasi nintzen parte hartzen. Jubilatuek etxean gera-tzeko joera izaten dute eta mintzalagunak kalera ateratzeko aukera eman dit, jendea ezagutzeko aukera eta lagunak egiteko aukera”, kontatu zuen atzoko aurkezpenean parte hartu zuen Mikel laguntzaileak. Gaztea zela, Parisera joan eta eskolan ikasitako frantsesa erabiltzeko gai ez zela konturatu zen Mikel eta hitz egiteko elkartzen zen ikasle talde batekin egindako min-tzapraktika oso baliagarria izan zi-tzaiola gogoratu zuen atzo. Orain, bera da euskara ikasleen laguntzailea.

“Euskara ikasten ari nintzela zailtasunak nituen hitz egiteko, nire helburu nagusia lotsa galtzea zen eta nik uste dut lortu dudala. Gero, beste helburu batzuk etorri ziren: jariotasuna lortzea, inguru euskaldunean aritzeko gai izatea... ”, kontatu zuen Maialen ikasleak.

Urriaren 21ean amaituko da aurtengo mintzalaguna programan izena emateko epea: Interneten bidez egin daiteke (www.bagera.eus webgunearen bitartez) edo Bageraren egoitzara hurbilduz (Hernani kalean, 15. zenbakian). Telefono bidez ere egin dezakete interesa dutenek, 943 005 074 zenbakira deituta. “Animatu, momentuz ez dute titulurik eskatzen!”, aipatu zuen Mikel laguntzaileak. “Kanpainak dioen bezala, jarri mingaina dan-tzan!”, gaineratu zuen Maialenek.