donostia - Koadrilekin batera, Porrontxo eta Porrontxina heldu ziren atzo Egiara auzoko jaiei hasiera ofiziala emateko. Pasa den asteburuan jada antolatu zituzten lehen ekintzak beroketa moduan edo, baina atzotik igandera arte festa giroa nonahi izango da Egian.

Ohi bezala, haurren jaitsiera izan zen lehenengo eta gazteenak izan ziren festei ongietorria egiteko arduradunak. Gero gazte eta helduen koadrilen jaitsiera izan zen (aurreko urteetan ez bezala, Ametzagainatik behera egin zuten egiatarrek). Karrozen txapelketa ere izan zuten gauean lagun taldeen sormena eta irudimena agerian jartzeko.

Gaur goizean goizetik izango dira ekitaldiak, haurrek entzierroa egingo baitute goizean. Trikitilariak, buruhandi eta erraldoiak eta jolasak etorriko dira bazkaldu ondoren eta baita afari-merienda ere. Beteranoek, berriz, afari berezia izango dute zain eta iluntzean dantzaldia, guatekea eta bingo erraldoia prestatu dituzte.

Bihar kirol txapelketak izango dira, bazkari herrikoia, antzerkia eta baita zezen suzkoa ere, gaueko kontzertuez gain. Eta igandean, besteak beste, sagardo dastaketa izango da eguerdian eta sardina jatea eta erromeria arratsaldean.

aiete eta erriberak Egian bakarrik ez, beste auzo batzuetan ere festa giroa izango da nagusi egun hauetan. Aieten, esaterako, festetako bigarren asteburua dute zain. Atzotik igandera arte haurrentzako jolasak izango dira eta bihar apar festa izango dute gaztetxoek. Igandean, berriz, pintxo potea egingo dute eta kantujira berezia ere bai, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariekin.

Loiolako Erriberetan ere gaur abiatuko dituzte auzoko festak. Haurren-tzako jolasak prestatu dituzte eta bihar, besteak beste, antzerkia eta saiheski jatea izango dute. Iganderako patata tortilen lehiaketa, bazkari herrikoia (paella jango dute), apar festa eta txokolatada prestatu dituzte. - N.G.