Mutriku - Mutrikuko herriak merezitako errekonozimendua egingo dio ostiralean Gure Ametsa dantza taldeari. Hori dela eta, egunkari hau belaunaldi desberdineko ordezkari diren taldeko lau kiderekin elkartu zen atzo, beti ere, Gure Ametsaren iragana, oraina eta etorkizunari buruz hitz egiteko.
Nola sortu zen Gure Ametsa dantza taldea eta nolakoak izan ziren hasierako une haiek?
-Lurdes: Taldea 1965 urtean sortu zen. Garai horretan eskola profesionala zegoen Mutrikun eta bertan aritzen ziren herriko neska-mutil batzuk elkartu ziren dantza taldea sortzeko. Hiru urte besterik ez nituen dantzan hasi nintzenean baina ondo gogoratzen ditut garai hartako entseguak. Gaur egun dagoen Zabiel plazan egiten ziren. Orduan frontoia eta patio bat zeuden bertan eta dantza irakasleak Mari Karmen Egurbide, Izaskun Egurbide eta Jose Mari Galparsoro herritarrak ziren. Debatik ere etortzen ziren euskal dantzak irakastera baina ez ditut orduko irakasle horien izenak gogoratzen. Hori bai, entseguen ondoren, dantzarako erabiltzen genuen materiala Manuel karnizeruak bere dendan zuen bodegan gordetzen genuen.
Nola gerturatzen dira mutrikuarrak dantza taldera?
-Karmele: Nire kasua berezia da. Zabiel plaza aurrean bizi nintzenez entseguak etxeko balkoitik ikusten nituen eta poliki poliki taldera gerturatzen joan nintzen.... Bestela, taldeko kide gehienek etxean bizi izan dute dantzen giroa eta mundua eta horrela gerturatu dira taldera.
Zeintzuk dira dantza taldearen helburuak?
-Amagoia: Taldeko sorreratik helburuak berdinak izan dira beti: euskal kultura suspertzea eta zabaltzea. Gainera, taldea osatzen dugunok beti egin dugu lan muxutruk. Azken batean, Gure Ametsa herritik sortu zen eta Mutrikuren alde beti lan egiteko prest dagoen taldea da.
Urtean zehar, zer nolako ekintzetan parte hartzen du taldeak?
-Goretti: Alde batetik, Mutrikun egiten diren festa gehienetan parte hartzen dugu: Inauterietan, Gaba Beltza jaian, San Juan jaietan, Malen jaietan... Era berean, umeen euskal jaia antolatzen dugu, urtero joaten gara zaharren egoitzara egun batean egoiliarrak alaitzera... Bestetik, hainbat herrietan izaten diren festetara ere joaten gara taldeko umeekin dantzatzera. Datozen hilabeteotan Ermua, Gabiria, Zarautz edo Lekeitio bezalako herrietan izango dugu hitzordua.
Zer nolako osasuna du gaur egun Gure Ametsa taldeak?
-Karmele: Nahiko ona. Izan ere, gaur egun 100 bat kide gara taldean. Hori bai, horietatik 90 bat neskak dira eta bestelako 10ak mutilak. Hori dela eta, herriko mutilak dantza taldera gerturatzera animatzen ditugu. Bestalde, esan behar da Udalak Beheko plazako anbulategi zaharreko lokal bat lagatzen digula entseguetarako eta nahiko ondo dagoen arren lokal zabalagoa behar dugu emanaldiak behar bezala prestatu ahal izateko. Gainera, herriko beste talde batzurekin partekatu behar dugu lokala...
Taldeak 50 urte betetzen ditu aurten. Zerbait berezia prestatu duzue mende erdiko ibilbidea ospatzeko?
-Lurdes: Ez dugu egitarau bat antolatu okasiorako; urtean zehar egiten ditugun ekintza guztiak indartu nahi ditugu aurten. Hori bai, maiatzaren 30ean Erromeria eguna ospatuko dugu eta aurtengoa berezia izango da. Izan ere, ekintza ugari prestatuko ditugu jardunaldi horretarako eta denak herritar guztien partaidetzari irekita egongo dira. Ekitaldi horien artean kalejirak, herri bazkaria, erromeria... denetarik egongo da. Bestalde, urteurrenari amaiera ona emateko festa bat egingo dugu uztailean eta bertan herriko talde eta eragile desberdinak inplikatu nahi ditugu.