Síguenos en redes sociales:

“Harrituta jaso dut omenaldia, nik Errenteriako historiari buruzko liburuxka bat bakarrik idatzi dut”

Ostiralean, Errenteriako Udalak Joseba Goñi (1935) herriko historia ezagutarazteko lana goraipatu zuen jendez gainezka zegoen udal aretoan

Errenteria- Joseba Goñik omenaldian txikitatik abertzaletasunean hazia izan zela eta José María Azkarraga Lurgorri abertzale arabarra Errenterian jaio zela argitu zuen. Ekitaldian parte hartu zuen ere bere ikasle izandako Edorta Kortadik.

Nola hartu zenuen omenaldia egin behar zizutelaren berria?

-Harrituta, oso harrituta. Niretzako gauza berria da. Lehenengo nire pareko eta kidekoen artean egin izan dut herri batean edo bestean besteengatik omenaldia, baina ez niri.

Udalaren esanetan ongi merezitako omenaldia da “bizitza guztia” eskaini diozulako “herriko ikerkuntzari eta bertako hiribilduaren historia zabaltzeari, aurreko garaietan Juan Ignacio de Gamonek edo Serapio Múgicak egindako lanarekin jarraituz artikulu eta argitalpen ugaritan”.

-Ez dakit, nik herriaren historiaren inguruan liburuxka bat besterik ez nuen egin (Historia de Rentería). Apaiz gaztea nintzen, diru faltan nenbilen eta Aurrezki Kutxak finan-tzatu zuen 80 orritik pasatuko ez zen biografia bat eta nik hori bete nuen eta dirua jaso nuen. Kontu hau aspaldikoa da 1965ekoa edo 1970koa. Gipuzkoako herri guztietako kolekzioaren barruan kokatzen da Errenteriakoa. Bertan 1237tik 1933rako historia jasotzen da, iruditu zi-tzaidan nahikoa zela urte horiek kontatzearekin herriko gertakari nagusiak azaltzeko. Gero idatzi izan dira liburu mardulagoak.

Historia irakasle bezala ere urte asko eman dituzu.

-Nik Bilbon, Donostian eta batez ere Gasteizen eman ditut eskolak 30 urtetan unibertsitatean; EUTGn, Gasteizko Teologia fakultatean, Donostiako seminarioan eta joan izan naiz zenbait ikastaro ematera Bilbora, baina Bilbon gutxiago ibili naiz. Bilbora gehiago joan naiz bertako liburutegia eta Deustuko unibertsitateko liburutegiak bisitatzera. Kronologia pixka bat ahaztuta daukat, baina bataz beste bost urte ere Erroman pasa ditut. Lehendabizi Lizentziatura egiten eta ondoren doktoretza-ikastaroarekin eta ondoren Vaticanoko artxibategian lanean. Laster 80 urte egingo ditut eta hemengo mundua ezagutzen dugu.

Eta non sentitu zara erosoen?

-Erroman. Gustura joango nintzateke bertako artxibora. Nik ordu gehienak artxiboetan sartuta pasa ditut, gehien bat Erroman eta Madrilen. Nik XIX. mendeko tesia egin behar nuen eta informazio gehiena Kanpo-arazoetarako Ministerioko artxibategian aurkitu nuen. Orain lana egiteko moduak aldatu dira, baina gu luma eta papereko semeak gara.

Erroman eta Vaticanoan igarotako bost urte horietako anekdotak izango dituzu.

-Bai, Kanbodiatik Erromara hegazkin linea bat zegoen eta hegazkina bi egunez Erromako aireportuan egon behar zuen geldirik, garajean, berriz Kanbodiara bueltatzeko bidaiaren eguna iritsi arte. Baina, Erromako garajea oso garestia zen eta ikusi zuten merkeago ateratzen zela hegazkinari gasolina gehiago botatzea eta Madrilera etor-tzea bi egun horiek pasatzera. Hori dena apaizek bazekiten eta lortzen zuten debalde Erromatik Madrilera bidaiatzea Kanbodiako linearekin. Eskupeko bat ematen zitzaien eta debalde ekartzen zizuten. Munduko tranpak dira. Niretzako hori zien-tzia-fikzioa zen. Ni Erromara trenez joaten nintzen Hendaiatik eta 24 ordu ematen nituen. Baina oso bidai atsegina zen. Orain ez dakit nola funtzionatuko duen guzti horrek.

Orduan, munduan zehar merke bidaiatu nahi baduzu apaiz bati eskatu beharko zaio aholkua.

-Gauza hauetan azkarrenak katalanak ziren. Munduan merke ibili nahi baduzu, katalan bati galdetu. Bazegoen itsasontzi bat Erromatik Genoara joaten zena eta gauean zehar Bartzelonako bidea hartzen zuen. Bada katalanak ontzi hori hartu, Genoan hamaka batzuk eta manta bat ipini, eta hurrengo goizean lo eginda etxean zeuden. Ni Erroman bizi nintzenean eta zerbait erosi nahi banuen ez zitzaidan okurritzen hemengo kide bati galdetzea. Nik katalan bati galdetzen nion, horrek bazekien merke eta onak ziren produktuak non lortu.