zarautz - Pixoihal berrerabilgarriak erabiltzeko kanpaina jarri dute martxan Zarautzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin garatu dute programa eta Alizia Osa Ingurugiro zinegotziak jakinarazi duenez, Lurraldeko hainbat udalerritan dagoeneko ari dira ekimena burutzen eta “harrera ona” ari da izaten. Horregatik, zero eta bi urte bitarteko haurrak dituzten gurasoak probatzera animatu ditu. Kanpainaren inguruko azalpen guztiak gaur, 20.00etan, Etxezabalan izango den hitzaldi batean adieraziko dituzte.
Haur txikiak dituzten Zarauzko familia guztiei diptiko bat bidali diete kanpainaren inguruko informazioarekin. Bertan, gNappies pixoihalek ohikoekin dituzten abantailak adierazten dira. Meitai Maitieko Gloria Urkolak nabarmendu duen bezala, enpresa honek burutzen duen hirugarren proiektua izango da. Aurrekoak Urola Erdiko eta Debagoienako Mankomunitateekin jarri dituzte martxan. “Onarpen handia izan du eta oso ongi funtzionatzen ari den sistema bat da”, aurreratu du.
urtean 600 euro aurreztuz Gaur iluntzeko hitzorduan pardel sistema zertan datzan eta proiektua bera azalduko dituzte eta animatzen diren familiekin pixoihalen banaketa egingo dute azaroaren 4an. “Telazko haur-oihalak erabiltzera animatzen ditugu herritarrak, alde batetik, ume bakoi-tzak tona eta erdi zabor sortzen duelako bi urte eta erditan, 500 urte baino gehiagotan desegiten ez dena. Bestalde, alderdi ekonomikoari erreparatuz, denbora horretan 1.000 euro inguru gasta daitezke ume bakoitzarekin eta kalitate aldetik ere, azaleko arazoak eta bestelakoak ekidingo dira”, nabarmendu Urkolak. “Gure seme-alabekin erabili ditugu eta esperientziaren berri emango dugu”, gaineratu du. Hasiera batean pixoihal sortaren %100 (210 euro) ordainduko dute familiek eta gero, kostearen %50eko diru-laguntza jasoko dute. “Egunean sei-zazpi pixoihal erabiltzen dira eta hori diru asko da. Telazko haur-oihal sorta 200 bat euro dira eta 600 euro aurreztuko dituzte urtean”, azaldu du Meitai Maitieko kideak.