Eskualdeak
zarautz - “Ameslarien azken portua gara. Kolore guztiek oraindik ere lekua duten herria. Amets egitea ahantzi ez dutenen auzoa. Etorkinena, nekazariena, langileena, gazteena. Hiri turistikoaren beste aurpegia, trenbidearen beste aldea. Eta bihotzean ditugun ametsak idazteko sortu gara. Koloretako taupaden leihoa da hau”. Hitz horiekin aurkeztu dituzte Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko jai batzordeko gazteek aurtengo festak euren Facebookeko profilean. Gogor aritu dira lanean jai herrikoiak eta ekitaldiz betetako egitaraua prestatzeko. Erditzeko momentua iritsi da eta gaurtik hasi eta asteartea bitarte hamaika ekin-tzekin gozatzeko parada izango da trenbidearen beste aldeko auzoan.
Urtero mural bat margotzen dute auzoari kolore pixka bat gehiago emateko eta aurten Gazari elkartasuna erakutsi nahi izan diote. Horretarako, Gernika1937-Gaza2014 artelana egin dute auzoko horma batean eta Palestinako bandera ere ez zaio falta.
Azken egunotan bizilagun talde batekin izandako tira-birak gaindituta, indarrez datoz festak eta gaur herritar, udatiar eta turistak elkartuko dira urtero lagun ugari biltzen dituzten jaietan. Hori bai: bizilagun horien kexei aurre egiteko garbitasun neurriak zorroztuko dituzte antolatzaileek, eta zaratarengatik sortutako trabak murrizten saiatuko dira.
Mus txapelketarekin hasiko dute egitaraua eta izena 15.30ean eman beharko da Tentenea plazan. Jaiak iragartzeko suziria botako dute 16.00etan eta jarraian hasiko da txapelketa. Sari ugari banatuko dituzte eta bikote irabazleak 150 euro, txapela eta garaikurra jasoko du. Arratsaldean umejolasak izango dira plaza Gorrian eta 18.30ean Triduoa izango da Santa Klarako komentuko elizan. Ondoren, pintxopotea hasiko da, 22.00ak arte, auzoko tabernetan. Pintxo onenari saria emango diote: Euromaren bientzat afaria. Ohi bezala, kontzertuak ez dira faltako eta horretarako hiru talde izango dira oholtza gainean lehenengo gauean, 23.30etik aurrera: Voltaia, Kauta eta Tik Tara.
Gazteen Eguna ospatuko dute bihar eta 10.00etatik 14.00etara haurren-tzat puzgarriak eta tailerrak jarriko dituzte plaza Gorrian. Arratsaldean, berriz, Goizeko Ihintza txistularien laguntzarekin irtengo dira buruhandiak (16.00). Ondoren, Patata Tropikalaren eskutik umeentzat Kondaira baten truke ikuskizuna eskainiko dute plaza Gorrian. Azken Portuko auzo-krossa ere jokatuko da 18.00etan. Hiru maila bereiziko dituzte: bost urte arte, sei eta bederatzi urte artekoak eta hamar eta hamalau urte artekoak. Parte-hartzaileen artean Arrivatiko izozkiak banatuko dira. Berriz ere Triduoa izango da Santa Klara komentuko elizan (18.30ean), eta ordu erdi beranduago Jalgi taldeak dantza erakustaldia eskainiko du plaza Gorrian. Txokolatea ere banatuko dute gogozaleentzat.
Gauean Joxe Mari Artetxe bizilagunaren omenezko XXIV. Txirrindularitza kriteriuma jokatuko da eta mutilen mailan kadeteak eta jubenilak arituko dira parte hartzen. Nesken mailan, aldiz, kadeteak, jubenilak eta eliteak. Kontzertuei dagokienez, 23.30ean hasiko dira Emon eta La Sra Tomasa taldeak auzoa girotzen.
Astelehenean Santa Klara Eguna izango da. Goizeko Ihintza taldeko txistulariek esnatuko dituzte herritarrak 9.00etan eta suziriak botako dituzte. Jarraian, buruhandiak irtengo dira plaza Gorrian eta 10.30ean marrazki lehiaketa hasiko da auzoko haurrentzat. Bi maila izango dira: bederatzi urte arte eta hamar eta hamalau urte arte. Parte-hartzaileen artean Kutixiko artisau izozkiak banatuko dira eta sari banaketa 13.00etan hasiko da. Meza Nagusia ere izango da komentuko elizan eta 12.00etan auzoko jubilatuentzat hamabitakoa eskainiko dute Urpekoak Elkartean.
Arratsaldean, haurrentzako herri kirolak jokatuko dira plaza Gorrian (16.30ean) eta 18.30ean hasiko da herri kirol jaialdia ondoko kirolariekin: Fausto Mugerza bost metroko enborrarekin, Joxe Ramon Iruretagoiena eta Jakes txikia harria jasotzen, Irati Astondoa eta Ainhoa Mazkiaran trontzan eta txingan eta Iparraldeko jokoen erakustaldia Jon Lapazaranen eskutik. Bitartean, arrainaren pisua asmatzeko porra egingo dute. Gauean, Ezinean eta Seventy Seven taldeak arituko dira oholtza gainean jotzen. Gainera, aurten ere apar festa ez da faltako eta etzi izango da, 4.00etan. DJ Bonek jarriko du musika.
Asteartean Patxi Iruretagoienaren omenezko III. Marmitako lehiaketarekin (10.30ean), Joxe Aranbururen omenezko toka txapelketarekin (11.30ean), patata eta postre lehiaketarekin, auzo bazkariarekin, bertso saioarekin eta Fan&Go taldearekin borobilduko dituzte festak.
Gaur. Mus txapelketa (16.30); umejolasak (17.00); Triduoa (18.30); pintxopotea (19.00) eta Voltaia, Kauta eta Tik Tara kon-tzertuan (23.30).
Bihar. Puzgarriak (10.00); buruhandiak (16.00); Kondaira baten truke ikuskizuna (16.30); auzo krossa (18.00); dantza (19.00); txirrindularitza kriteriuma (22.00) eta Emon eta La Sra Tomasa taldeak.
Astelehena. Buruhandiak (10.00); marrazki lehiaketa (10.30); hamabitakoa jubilatuen-tzat Urpekoak elkartean; haurrentzako herri kirolak (16.30); herri kirol jaialdia (18.30) eta Ezinean eta Seventy Seven taldeak (23.30) eta apar festa (4.00).
Asteartea. Marmitako lehiaketa (10.30); topa txapelketa (11.30); patata tortilla eta postre lehiaketak (11.45); auzo poteoa (13.00); auzo bazkaria; bertso saioa (22.00) eta erromeria Fan&Go taldearekin.
XXII. edizioa. Azken Portuko XXII. Piropo lehiaketa antolatu dute eta parte hartu nahi duenak bere izena, piropoa eta telefono zenbakia eman beharko dizkio komisioari, txosnetan utziz edo azkenportua@gmail.com helbidera bidaliz, asteleheneko parranda bukatu baino lehen. Piropo onenaren saria: Barceló Bidaiaken Plan B bat.