Azpeitia - Mari Jose Iturria, Azpeitiko Udaleko Hezkuntza batzordeburuak eta herritarren formakuntzaren alde lan egiten duten herriko talde eta eragile desberdinen ordezkariek Azpeitiko heziguneen katalogoa aurkeztu zuten atzo udaletxean.
Urtebete luzeko elkarlanaren ondorengo fruitua den argitalpen horretan, hezkuntza arloan (formala, ez-formala eta informala) herriak eskaintzen dituen baliabide guztiak bildu dituzte. Ondorioz, katalogo honen bidez, herritarrek Azpeitian dagoen ikastaro, kurtso, hitzaldi eta herritarren formakuntzarako bestelako aukeren berri izan dezakete.
Mari Jose Iturriak atzoko agerraldian azaldu zuenez, kaleratutako argitalpenean “Azpeitian heziketa esparruan lanean ari diren eragile ia guztien zerrenda eta informazioa” jaso da, beti ere, “herrian dauden zerbitzu eta eskaintzen berri emateko”.
Zeregin honetan lanean aritu diren eragileen ordezkariek testuinguru horretan kokatu dute Erein eta Udal teknikarien ezinbesteko laguntzarekin osatutako Azpeitiko heziguneen katalogoa 2014, “herritar orok, herrian bertan dauden hainbat baliabideei buruz informazioa jaso, ezagutu eta erabiltzeko”.
Horrela bada, argitalpenean hezkuntza arautuaren eta ez arautuaren barruan Azpeitian dagoen eskaintza guztia bildu da.
Beraz, kaleratutako liburuxkan arlo desberdinetan dagoen herritarren formakuntzarako baliabideak jaso dira. Izan ere, eskolak, aisialdia, artea, musika eta dantza, autoeskolak, helduen hezkuntza, hezkuntza sozio-afektiboa eta osasuna, hezkuntza sozio-profesionala, hizkuntza eta hezkuntza akademiak, ingurumena, kirola eta osasuna, euskara, kultur guneak... formakuntzarekin lotutako esparru eta eragile guztientzako lekua dago bertan.
Horrela bada, interesa duten herritar guztiek dagoeneko eskura dezakete Azpeitiko heziguneen katalogoa Udaleko Hezkuntza sailean. Era berean, argitalpena azpeitia.net Udalaren web gunean hezkuntzari buruz egokitutako atal berrian aurki daiteke.
Hori bai, garatutako egitasmoa “bizia da eta horregatik komeni da sarri sarri berritzen joatea”.
Hori dela eta, formakuntzarako eskaintza duen eragileren bat argitalpenetik kanpo geratu bada “Hezkuntza sailarekin harremanetan jartzea besterik ez du, bere eskaintza kontuan hartzeko”.