Síguenos en redes sociales:

Oarsoaldeak merkataritzan euskara bermatu nahi du

Aurten kanpaina berezia egingo da eskualdeko fruta eta barazki dendekin hizkuntz paisaia aldatzeko

Oarsoaldeak merkataritzan euskara bermatu nahi du

oiartzun - Oarsoaldeko lau Udalek (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia), Euskara Batzordearen bitartez, 17 urte daramatzate merkatari-tzan eta ostalaritzan euskararen normalizazioa sustatzeko elkarlanean.

Azkeneko urte hauetan zehar, ekintza desberdinen bitartez, besteak beste, doako aholkularitza zerbitzua, establezimenduetan euskararen presentzia handitzen ari da.

Orain, lau urtetik hona, urtero Oarsoaldeko Euskara Batzordeak merkataritza sektore edo gremio bat hautatu ohi du eta harekin ahalegin berezia egiten du. 2014an fruta eta barazki dendekin ari dira lanean eta sei ekimen prestatu dituzte sektoreari begira.

Batetik, barazki eta fruta salduenen panelak euskaraz banatuko dizkiete fruta eta barazki dendei, establezimenduko horman jartzeko. Panel hauek produktuaren irudia eta euskarazko izena daramate bezeroek ikas ditzaten eta euskarazko izenak ezagutzera emateko helburuarekin. Panelez gain, fruta eta barazki dendetako produktuen hiztegitxoa eta salneurria jartzeko euskarazko txarteltxoak ere banatuko zaizkie jabeei. Euskarriak eskurazeko beraien herriko euskara zerbitzura jo beharko dute.

Bestetik, udazkenean, sasoian sasoiko barazki eta frutekin egindako errezeten lehiaketa egingo dute. Herri bakoitzeko hiru errezetarik onenek saria izango dute eta saridunek 50 euroko erosketa txartela eskuratuko dute dendan gastatzeko. Errezeta saridunak 2015eko egutegian argitaratuko dira. - A.M.