Goierri-Urola Garaia
Zerain - Bihar arratsaldean Goierriko eskola txikien 10. festa ospatuko dute Zeraingo plazan. Eskualdeko lau eskola txikietako haur, guraso eta irakasleek parte hartuko dute. Gabiria, Itsasondo, Olaberria eta Zeraingoek, hain zuzen ere.
Festa 16.00etan hasiko da, ongi etorri ekitaldiarekin. 16.15ean Txantxariak pailazo taldearen saioa egongo da, 17.30ean datorren urteko festa antolatuko duen eskolari lekukoa pasako diote eta taldeko argazkia aterako dute, 17.45ean merienda egingo dute eta ondoren trikipoteoa egongo da Zeraingo trikitilariekin. Eguraldi txarra egiten badu, ekitaldiak pilotalekuan egingo dituzte. Festa Basarte guraso elkarteak antolatu du, hainbat herritarren eta Orkli, Ampo eta Irizar kooperatiben laguntzarekin.
Antolatzaileen esanetan, eskola txikiak herri txikien "arima" dira. Izan ere, hartu-emanak sendo-tzeko balio dute. Ikastetxe hauetan adin ezberdineko ikasleek gela berean ikasten dute. "Eskola txikietan, handietan ikasten ez diren hainbat gauza interesgarri ikasten dituzte. Izan ere, kantitateak ez du kalitatearekin zerikusirik. Handiek txikiengandik eta txikiek handiengandik ikasten dute. Errespetua eta elkar laguntzea dira eskola txikietan lantzen diren oinarri nagusiak. Ez da materia gutxiago lantzen, gauzak lantzeko modua aldatzen da soilik".
Aipatu bezala, Goierrin lau eskola txiki daude. Gabiria, Itsasondo eta Olaberriakoan 2 eta 12 urte bitarteko haurrek ikasten dute eta Zeraingoan 2 eta 8 bitartekoek. Guztira 176 ikasle dituzte. Aipatzekoa da datorren ikasturtean Ezkio-Itsason ere eskola irekiko dutela. Hala, herri honetako bizilagunek aspaldiko ametsa beteko dute.
Beraz, datorren urteko eskola txikien festan bost herritako haur, guraso eta irakasleek parte hartuko dute. Festa hau duela 9 urte antolatu zuten lehenengoz, zerbitzu berriak lortzeko, gurasoen parte hartzea bultzatzeko eta harremanak sendotzeko.
Lehenengo festa Olaberrian antolatu zuten, matrikulazioa bultza-tzeko. Izan ere, ikastetxea Ihurretik herrigunera eraman zuten eta guraso batzuek euren seme-alabak inguruko herrietako eskoletara bidaltzea erabaki zuten.
Festari esker, eskoletako zerbitzuak hobetu ahal izan dituzte. Gainera, ekitaldi honen inguruan sortutako dinamikak, hitzaldiak eta ikastaroak antolatzeko balio izan du.