Bungalowen irekieraren baitan, Kalakan taldea Orion
Apirilaren 26an Iparraldeko taldea ikusteko sarrerak bost eurotan daude salgai turismo bulegoan edo kanpinean
orio - Orioko Udalak antolatuta, Kalakan taldearen kantaldia izango da datorren apirilaren 26an, 22.00etan hasita, udal kanpinean. Sarrerak aldez aurretik erosi behar dira, bost eurotan, kanpinean bertan edo turismo bulegoan. Eguraldi txarra eginez gero, emanaldia kiroldegian izango da. Kalakan talde ezaguna bihurtu da azken aldian eta emanaldi ugari eskaini ditu Euskal Herrian eta kanpoan. Iparraldeko hiru musikarik osatzen dute taldea eta, nagusiki, perkusioa eta ahotsa baliatzen dute beren emanaldian.
Iparraldeko taldea kanpineko bungalowen inaugurazioaren baitan eskainiko dute kontzertua. Udalak jakinarazi duenez, ostiralean ekitaldi ofiziala egingo da bungalow berriak zabaltzeko eta horrekin lotuta dago larunbateko musika-emanaldia ere. Honela, larunbatean ate irekien eguna izango da kanpinean, eta herritar eta bisitariek aukera izango dute bungalowak barrutik ikusteko eta kanpineko instalazioak bisitatzeko. - A.L.