Tolosaldea

Urte berezia dute aurtengoa Amezketan. Izan ere, 250 urte betetzen dira Fernando Amezketarra bertsolaria jaio zela. 2014a Fernandoren urtea izendatu dute eta Udala, herritarrak eta herriko hainbat eragile buru-belarri dabiltza urte osoko egitaraua prestatzen. Ekitaldi andana antolatu dute, eta lehena bihar izango da: Euskaltzaindiako kideen bisita jasoko dute Amezketan, plaka bat jarriko dute kultur etxean eta hitzaldiak izango dira.

Hitzordu historikoa izango da biharkoa. Euskaltzaindiako zuzendaritzak 16.00etan burutuko du ba-tzarra Amezketako udaletxean. Urte osoko lehen ekimena izango da. Ondoren, 18.00etan, Fernandori eskainitako plaka erakutsiko dute kultur etxean. Horren ondotik, bi hi-tzaldi labur iragarri dituzte, bi amezketarren eskutik. Pello Zabalak Zer izan da Fernando niretzat izenburua aukeratu du bere hitzaldiarentzat, izan ere fraide fran-tziskotarrak Fernando Amezketarraren odola darama. Bere aldetik, Jose Mari Oterminek -hainbat liburu ditu Amezketa inguruan idatziak- Zer dakigu Fernandoz? hitzaldia eskainiko du meatzari, artzain eta bertsolari amezketarraren inguruan.

Amezketako Udaletik ohartarazi dutenez, gainera, bihar eguneko zentroa bisitatzeko aukera ere izango dute herritarrek. Kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku egongo da eta oraindik ez dakite noiz jarriko den martxan, baina obrak dagoeneko eginda daudenez, herritarrei erakustea pentsatu dute biharko egunean, nola geratu den ikus dezaten. Kultur etxeko lehenengo pisuan dago kokatuta eguneko zentroa eta ate irekien saioa, 17.00etatik 18.00etara izango da.

Ondorengo ekitaldiak Biharko ekitaldiaz haratago, beste hainbat ekintza ere prestatzen ari dira. Hain zuzen ere, urria bitarte hilean ekitaldi bat izango da, izan ere Fernando 1764ko urriaren 10ean jaio zen. Yolanda Gorostidi Kultura zinego-tziak azaldu duenez, "apirilean Fernandoren Txokoak ibilbidearen aurkezpena egingo dugu eta maiatzean Tolosako txistulari bandaren emanaldia izango da". Ekainean, aldiz, Fernandoren marrazkien emanaldia izango da frontoi zaharrean, uztailean (7tik 18ra) Joseba Urretabizkaiak Amezketako elizan argizaiolei ateratako argazkien erakusketa egingo dute; abuztuan Donostiako Musika Hamabostaldiaren eskutik ahotsa, bertsoa eta pianoa uztartuko dituen kontzertua izango da elizan Fernandoren gorazarretan; eta urrian Fernandoren Astea egingo dute.

Kultura zinegotziak herritarrei eskerrak eman nahi dizkiete otsailaren 8an Santa eskean atera zirenean emandako babesagatik. "Aurten jasotako dirua Fernando urtea antolatzeko izango da. Antolaketa lanetan ari garen taldetxoko lagunak bildu ginen bertan, Ugartetik hasi ginen eta herri gehiena pasa genuen. Eskerrak eman kantatzen atera ziren guztiei eta Bixente Gorostidi bertsolaria eta Xabier Lixarra trikitilariari ere", aditzera eman du Yolanda Gorostidik.

Kamisetak egin dituzte urteurren berezi honen harrira. Udaletxean daude salgai, helduenak hamar eurotan eta haurrenak zortzi eurotan.