Zizurkil - Medeak elkarteak eta Zizurkilgo neska talde batek herriko puntu beltzei buruzko mural bat margotuko dute igandean, 12.00etan, Egarri tabernaren aurrealdean jarri duten panel batean. Emakumearen Egunaren harira aurten antolatutako ekintzetako bat izango da.
Aurreratu dutenez, ekintza ikusgarria izango da, aurretik ez baita inoiz halako ezer egin Zizurkilen, are gutxiago herritarrek beraiek margotzen parte hartuz.
Egitasmo honen helburua "ahalik eta jende gehien elkartzea" da. Modu honetan, adin guztietako herritarrak gonbidatu dituzte parte hartzera, eta denen irudimenaren bidez, mural eder bat osatuko dute. "Toki paregabean geratuko da, gainera, herriaren erdi-erdian, paso handiko tokian, edonork ikusteko moduan", azaldu dute antolatzaileek.
Gonbidapena Medeak elkarteko kideek herritar guztiei egiten diete dei ekintza horretan parte hartzeko, baina bereziki gazteak mugitu nahi dituzte. "Aurrerantzean geure herrian seguruago ibili ahal izateko, denok eskuetan brotxak hartuz, kolorez jantziko ditugu gaur egun puntu beltz direnak", aditzera eman dute. - M.S.S.