irun - Alderdi politiko guztiek aho batez berretsi dute, asteazkeneko Udalbatzan, alkatearen dekretuz pasatako abenduaren 30ean onartu zen Irungo Udaleko Euskararen 2013-2017 Erabilera Plana. Plan honek udalaren senean eta honek hiritarrekin duen harremanean euskararen presentzia hobetu eta indartzeko bete beharreko helburuak eta hauek gauzatzeko neurriak finakatzen ditu.
"Plan berri honek udaleko euskararen erabilerari buruzko egitasmoaren bosgarren aldia" suposatzen duela esan zuen Fernando San Martin Euskara zinegotziak eta gogora ekarri zuen nola "planaren aurreko alditik hona Irungo euskaldun edo ia euskaldunen kopurua %32tik %36ra" igo den.
kexak Alderdi politiko guztiak ados azaldu ziren euskarak udalaren senean duen indarra eta presentziaren inguruan lan egitearen alde, baina kexarik ere izan zen.
"Onartezina da honelako plana onartzen ari garen egun berean, gaurko Udalbatza honetako bi puntutako txostenak gaztelera hutsean ekarri izana", esan zuen Bilduko Jokin Melidak. "Batzuentzat xehetasun hutsa izan liteke hau, baina Udalaren eta gobernuaren euskararekiko sentsibilitateak eredugarria izan behar du gizartearen aurrean eta honelakorik ez genuke onartu behar", esan zuen zinegotzi abertzaleak.
EAJko Xabier Iridoyk, Bilduk bezala, "helburuekin ados egon bai, baina hauek betetzeko finkatzen diren erritmo eta denborak azkarragoak izatea" desiatu zuen, eta berak ere, "zinegotziok euskararen erabileran irundarrentzat eredu izateko beharra" azpimarratu zuen, lehen pertsonan.
Bestalde, Partidu Popularreko Juana de Bengoecheak ongi etorria eman zion Udalaren seneko euskararen erabilera planaren aldi berri honi eta "egiteke dagoena asko eta garrantzisua izanik, egindakoari ere balioa emateko beharra" azpimarratu zuen.
"Pozgarria eta positiboa da ikustea nola 25 urtetik beherako ia irundar gehienak euskara erabiltzeko gai diren, euskaraz eskolaratu dituztenaren ondoren; horrek ere balioa du", gogoratu zuen zinegotziak. - X.S.