EUSKAL dantzak atzerrira eramango ditu aurten ere Tolosako Udaberri dan-tza taldeak. Dantzariak maletak egiten hasiak dira Hungariako Szeged hirian abuztuaren 7tik 12ra bitarte ospatuko duten folklore jaialdian parte hartzeko.
Udaberrik euskal dantza eta kulturaren tradizioak gure mugetatik harago erakutsiko dituen lehen aldia ez da izango, izan ere, aurreko belaunaldiek ere nazioarteko hainbat herri, hiri eta folklore jaialdi bisitatu dituzte iraganean ere. "Gure belaunaldiak ere, Udaberriko bosgarrena dena, Belgikako Saint Niklaas hiriko jaialdian izan zuen nazioarteko lehen esperientzia eta, honez gain, Herrialde Katalanetako, Galiziako nahiz Espainiako hainbat herritara ere egin izan ditugu irteerak", azaldu dute Udaberri dantza taldeko kideek.
Aurten, Hungaria hegoaldera begira jarri dira eta, zehazki, Szeged hiriko folklore jaialdian parte hartuko dute, datorren abuztuaren 7tik 12ra bitarte. Taldeko 35 dan-tzari eta musikariak gogor entsea-tzen ari gara, eta Euskal Herriko txoko guztietako dantzak eramango dituzte errepertorioan, hungariarrei erakusteko.
Horrela, beraz, Gipuzkoako dan-tzetatik hasi, hala nola, Agurra, San Joan, Ezpata dantza, Belauntxingo, soinu zaharrak, fandangoa eta arin-arina... eta Bizkaiko pausoak ere eskainiko dizkiete Hungariako ikusleei; kaxarranka, dantzari dantza eta Arratiako jota eta porruaren bidez. Nafarroak ere presentzia izango du folklore jaialdian eta Otsagiko dantzak eta Larrain dantza eskainiko dizkiete, besteak beste. Arabatik, Ziekoko dantza biziak prestatzen dihardute, eta tolosarrak izaki, ezin inauteriez ahaztu; kasu honetan, ordea, Lapurdiko inauterietako dantza guztiak erakutsiko dituzte oholtzatik, pertsonaien laguntzaz.
Azkenik, eta inauteri eta maskarada giroari eutsiz, Zuberoako maskaradaren kolore eta xarma ere badaramate Szegedera. Euskal dantzaren aitzakian, azkenik, Europako hainbat txoko ezagutzeko ere aprobetxatuko dute bidaia.