Oiartzun. Oiartzungo Udalak gogorazi duenez, Asiako liztorren kontra tranpak jarri ziren herrian auzolanean duela zenbait hilabete. Alabaina, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuduntza da Asiako liztorren gaia, espezie inbaditzaileen gaia hala delako.

Baloratu dutenaren arabera, tranpak jartzea borondate onarekin egindako ekimena izan arren, mesede baino kalte gehiago egiten ari dira ekosisteman, polinizatze lanak egiten dituzten espezieak, erleak adibidez, ere tranpetan eror-tzen baitira. Horregatik, tranpak kentzeko agindua eman du.

Oiartzungo datuak ere adierazgarriak dira: 18 tranpa daude jarrita Karrikan, Elizalden, Ergoienen eta Iturriotzen. Hilabete hauetan Asiako 159 liztor erori dira tranpan, bertako 26 liztor eta beste 273 polinizatzaile.

Gauzak horrela, Oiartzungo Udalak tranpak jartzen aritu ziren erlezainei, haurrei eta gurasoei eskerrak eman nahi dizkie, egindako deiari positiboki erantzun izanagatik eta hartutako lanarengatik. Baina orain, tranpak jartzen lagundu zuten herritarrei kentzeko orduan ere laguntzeko eskatu nahi die, non jarrita dauden dakitenak direlako.

Era berean, Asiako liztorren habien berri Gipuzkoako Foru Aldundira eman beharko da aurrerantzean, eurak izango baitira protokoloa martxan jarriko dutenek. Horretarako 112 emergentzi telefonora deitu beharko da.

Adituek diotenez, irailean Asiako liztorren mugimendua gehitu egiten da. Orain arte Udaltzaingoan jaso dira abisuak, baina aurreran-tzean udaltzainek ere 112ra bideratuko dituzte abisuak.