Síguenos en redes sociales:

Hondarribiko Udalbatzak San Pedro kaleko obra 3,32 milioitan esleitu du

Zortzi hilabeteko lanak HIRIKO JAIEN ONDOREN HASIKO DIRA Udalak abuztuan proiektu honi buruzko "informazio bilera eta kanpaina" egingo direla iragarri du

Hondarribiko Udalbatzak San Pedro kaleko obra 3,32 milioitan esleitu duX. S.

Hondarribia. EAJ-PNV, PP eta Hamaikabaten aldeko botoekin, Hondarribiko Udalbatzak Urbycolan SL eta Urbanizaciones y Contratas Grama SL enpresei esleitu die San Pedro kaleko berriritartzearen obra, 3,32 milioi euroko aurrekontuarekin eta lanak burutzeko zortzi hilabeteko epearekin.

Lan hauek, Bernat Etxepare, Matxin Artzu, Zuloaga eta Itsasargi kaleetan azken urteetan burutu direnen ondoren, Portu auzo osoan ur zikinen eta euri-uren jasotzerako hoditeria guztia berritu eta gainazala berriritartzeko lanen laugarren fasea suposatuko dute. Udalbatzan, Aitor Kerejeta alkateak lanak "hiriko jai nagusiak pasa ondoren, irailean hasi, eta datorren uda hasiera baino lehen amaitu beharrekoak" direla gogoratu zuen.

subjektibotasuna Lehiaketa hau esleitzearen inguruan, Bilduko Juan Ortizek "proposamen teknikoen B atalean puntuaketa ematerakoan subjektibotasuna izan dela" ohartarazi zuen, "kontzeptu berdinarengatik enpresa bati puntu bat emanez eta beste bati puntu bat bera ere eman gabe", nahiz eta, zinegotziak berak onartu zuen "lehiaketaren azken emaitzan diferentzia horrek eraginik ez duen izan".

Kerejetak, "lehiaketa guztietan nolabaiteko subjektibotasuna maiz egoten dela" esan zuen, baina "proposamen teknikoak sei teknikari desberdinek ikuskatu" dituztela gogoratu zuen.

Aldi berean, Bilduk "obra honetan lan egingo dutenek Gipuzkoako eraikuntzaren sektoreko lan hitzarmenaren baldintzekin lan egingo dutela bermatzea" eskatu zuen.

PSEk ere, ezker abertzaleko koalizioak bezala, abstentziora jo zuen esleipen honetan. Iosu Álvarezek "Urbycolani berriz ere" obra ematea "teknikoki ondo" dagoela esan zuen, baina, bere hitzetan, "beste enpresa baten batek ere egin ahal zuen".

Obrak eragin haundia izango du, San Pedro kalea Portuko eta hiriko ekonomia eta gizarte gune garrantzitsua baita. Horregatik, Udalak atzo aditzera eman zuen "abuztuan aurkezpen bilera eta informazio kanpaina" egingo dituela.