zarautz. Zarautz Abesbatzak udako kontzertua eskainiko du gaur, 22.00etan hasita, Frantziskotarren elizan. Aurten, gainera, are eta bereziagoa izango da ekitaldia, izan ere, Iñaki Eizmendi Basarri bertsolariaren omenez egingo dute.

Bertan, Iñaxi Etxabe, Jon Azpillaga eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolariek hartuko dute parte. Honela, ekitaldia hiru ataletan banatuko da. Lehenengoa hiru eliz musikek osatuko dute. Ondoren, doinu herrikoien txanda iritsiko da eta obra ezagunak ez dira faltako. Irudi batzuk ere eskainiko dituzte, Mari Paz Martinen eskutik. Azken atalean berriz, olerkiak eta bertsoak izango dira nagusi. Aran-tzazu poema sinfonikoko 4. eta 5. zenbakiak, Basarri-ren bertso bat, Jon Azpillaga eta Jose Luis Gorrotxategik eskainiko duten bertso saioa eta Ene Zarautz Maite abestuko dituzte. Kontzertuan ondoko musikariak izango dira: Joxe Iturria, Antxon Sarasua, Igor Garzia, Iñaki Oliden, Axel Eizmendi eta Eriz Eizmendi.