zumaia. Atzo eguraldi txarrari aurre eginez, San Telmo jaiekin gozatzeko aukera izan zuten herritarrek eta gaur ere ekintza ugari izango dira festekin jarraitzeko. Gauerdian iritsiko da bandera igoera eta aurrez jai giroa izango da nagusi Zumaian.

Arbustain Motor Elkarteak, Udalak eta Kutxabankek hamaiketakoa eskainiko dute herriko itsasgizon zaharrentzat, gaur 11.00etan. Ordu horretan, Santelmotako XV. Scalextric txapelketa jokatuko da Alondegian eta 12.00etan haurrak irtengo dira danborra jotzen. Eguraldi txarra eginez gero, datorren larunbatean egingo dute ekitaldia. Arratsaldean, berriz, buruhandi eta erraldoiekin ongi pasatzeko tartea izango da eta Trikitxas bikoteak alaituko ditu kaleak. Haurren dan-tzaldia, berriz, 18.30ean hasiko da. Gauean, MP5 taldeak kontzertua eskainiko du txosnetan (22.00) eta ondoren, danborrada berezia iritsiko da, Erribera kalea jendez gainezka dagoela. Gauerdian, Felix Larragaña arrantzale ohiak igoko du bandera Kofradian.