getaria. Getariako EAJren iritziz, Bilduk aurkeztutako aurrekontuak "ez dira herriak behar dituenak" eta horregatik ezezko bozka eman dute. "Zer nolako Getaria eraiki nahi duen erakutsiko duen proiekturik, planik edo aurrerapausorik, ezertxo ere ez daukagu eskuartean eta honen ondorioz, kolpeka, gaizki eta gardentasunik gabe dabiltza egin beharreko lanak egiten", kritikatu dute.
"Bi urte agintean, legealdi erdia betetzera goaz eta inbertsio bat bera ere ez dugu ikusi. Bilduk kanpainan agindutakotik aipamenik ere ez dute egiten eta esku artean darabiltena aurreko legealdian abian jarritako eta gehienetan aurka bozkatzen zuten lanak dira", gogoratu dute. "Haurreskola berria egiteko 200.000 euro bideratzeko eskatu dugu behin eta berriz. Proiektua egina dago, Eusko Jaurlaritzatik laguntza berriak jaso dira, dagoeneko buka-tzen beharko zuen, baina Bilduk nahiago izan du orain arte inondik azaltzen ez zen diru kopurua haurreskolarako ez erabiltzea", nabarmendu du. "Gaur egun ez dakigu udal gobernuak haurreskola berria egiteko asmorik ere baduen", gaineratu dute. Turismoko Plan Estrategikoari dagokionez, "jarraipena eman, babestu, bultzatu, landu eta sustatzea" agindu zien Bilduk, baina jeltzaleek azaldu dutenez, "bi urte hauetan ez dute ukitu ere egin": "Martxan jartzera goaz berriro, baina oraingoan babesa ematea sinatu beharra izan dute, aurrekontuak aurrera ateratzearen truke". "Oraindik Udalaren zorpetze maila eta egungo egoera ekonomikoa aitzakia bezala darabilte jasaten dugun paralisia justifikatzeko", azaldu dute.
EAJk beraien emendakinei "kasu zipitzik ez" dietela egin ere adierazi du: "Aurten, 710.000 euroko diru sarrera aurreikustea garajeen salmentatik, ez zaigu batere serioa iruditzen eta aurrekontuetatik kentzea eskatu genuen. Elkanoren lehorreratzea aurten egiteko inongo arazorik ez dugu ikusten. Martxoan, ez egitea erabakitzea, inorekin kon-tsultatu gabe, Bilduren lan egiteko moduaren erakusle garbia da. Langile denak ez dituzte berdin balora-tzen KPI igoera aplikatzean eta haurrak bazkaltzera joateko autobusaz ez dute ezer jakin nahi".