"BIZITZAZ eta kolorez beteko dute", esan zuen Naiara Sampedro Gazteria zinegotziak atzoko aurkezpenean. Antiguako Heriz pasealekuan dagoen Villa Alegria eraikinari buruz ari zen: Udalak edifizioa gazteei utziko die, haien topagune bihur dadin eta beraiek kudeatu dezaten. Gaztegune izena jarri diote proiektuari, nolabaiteko gaztetxe ofizial honi.
Hilabeteak eman dituzte lanean gazteekin, Gaztegunearen helburuak, baldintzak, mugak eta bestelako irizpideak prestatzen. Orain, bigarren fase batean, eraikinaren eta proiektuaren edukia garatu beharko dute. Horretarako, orain arte Udalarekin elkarlanean aritu diren antiguotarrek hiriko gainerako gazteei ere parte har-tzeko deia egin zieten atzo, Gaztegunea hiri guztiko 18 urtetik gorako gazteei zabalik egongo baita: Gaztegunea eraikitze bidean. Sartu gurekin da aukeratutako lema.
Hasteko, eta proiektua ezagutzera emateko, larunbatean festa bat egingo dute Villa Alegria izenarekin ezaguna den eraikin honetan. Hitzordua 18.00etan izango da eta irekia da, edonor gerturatu baitaiteke proiektua eta etxe berria ezagutzera. Gainera, orain arte egindako lana ezagutzera emateko erakusketa bat ere prestatu dute.
gune fisiko baten beharra
Etxea txukuntzeko lanak
Antiguako gazteak izan ziren iaz Udalak auzoz auzo burututako bileretan gune fisiko baten beharra agertu zutenak. "Elkar ezagutzeko eta aisialdi alternatibo bat garatzeko gune bat behar genuen", azaldu zuen atzoko aurkezpenean Ander Etxeberria antiguotarrak. Auzoko beste elkarteek ere orain arteko prozesuan lagundu dutela nabarmendu zuten gazteek.
Orain, etxeari edukia eta "bizia" ematen hasteko, besteak beste, auzolan saioak deituko dituzte etxea txukuntzeko. Izan ere, duela hilabete batzuk arte eraikina haurreskola zen eta etxe barruan oraindik umeentzat pentsatutako posterrak eta jolasak daude.
Heriz pasealekuaren 28. zenbakian dago Villa Alegria edo Gaztegune berria, Lugaritz kultur etxearen ondoan, hain zuzen ere. Bi pisutako eraikina da: terraza handia dauka eta baita jardina ere.
Gazteek beraiek kudeatuko badute ere, Udalak (Partaidetza eta Gazteriako teknikariak) parte hartzen jarraituko du eta, orain arte bezala, Elhuyar aholkularitza zerbi-tzuaren laguntza izango du, nolabaiteko bitartekaritza lanak egiteko. Hala ere, helburuak eta proiektuak gazteek definituko dituztela nabarmendu nahi izan zuen Naiara Sampedrok.
Zinegotziak azaldu zuenez, proiektu hau modu esperimentalean garatuko dute eta emaitzen arabera ikusiko du Udalak hiriko gainerako auzoetan antzeko ekimenak garatzea komeni den edo ez.