Síguenos en redes sociales:

"Interneten ipini dugun hiztegia Makina erreminta arloko enpresa guztientzat baliagarria izan daiteke"

Makina erreminta arloan diharduen Elgoibarko Danobat kooperatiba elkarteak euskararen erabilera bultzatzeko hainbat ahalegin egin ditu bere sorreratik. Azkena, plano mekanikoetatik hartutako terminoekin osatu duen eta Interneten ikusgai dagoen hiztegi teknikoa da

"Interneten ipini dugun hiztegia Makina erreminta arloko enpresa guztientzat baliagarria izan daiteke"

Elgoibar. Elgoibarko Danobatek 1998 urtean ekin zion bere eguneroko jardueratan euskararen presentzia handitzeko prozesuari Emun kooperatiba elkartearen eskutik. Orain, une hartatik hamahiru urte igaro direnean, egunkari honek enpresako Euskara batzordeko kidea den Larraitz Alkortarekin hitz egin du, 2008an Eusko Jaurlaritzak ematen duen zilarrezko Bikain errekonozimendua eskuratu zuen kooperatibak euskararen alde egindako ibilbidea eta lortutako emaitzen berri izateko.

Noiz hartu zuen Danobat kooperatibak bere jardueran euskararen presentzia handitzeko erabakia?

1998. urtean izan zen. Orduan Danobat taldeko kooperatiba desberdinetan euskararen egoera zein zen ikusteko azterketa bat egin zen. Horri esker langile euskaldunen kopurua, giza harremanetan erabiltzen zen hizkuntza eta beste hainbat ondorio atera ahal izan ziren. Hortik aurrera taldeko kooperatiba bakoitzak ikusi zuen Euskara planekin jarraitu edo ez eta nola.

Elgoibarko Danobaten aurrera egitea erabaki zenuten...

Bai, ikusi genuen hemen langileen %74k euskaraz hitz egiteko gaitasuna zuela. Baina arazotxo bat zegoen, langile asko alfabetatu gabe zeudelako. Horregatik, une haietatik aurrera kooperatiban lanera sartu den jende gehiena euskalduna izateaz gain euskaraz idazteko gaitasuna dauka.

Noiz abiatu zenuten euskara sustatzeko lehen plana?

1999. urtean erabaki zen aurrera jarraitzea. Hasiera batean enpresako departamentu bakoitzean erabilera taldeak osatu ziren, rotulazioan, harremanetan, paper edo inprimakietan euskararen egoera zein zen ikusteko. Horren ondoren departamentu guztietan pauso berdinak jarraitzeko irizpide batzuk jartzea erabaki zen. Horrela, Euskara batzordea osatu genuen, talde desberdinetan egiten ari zen lana bateratzeko. Gaur egun ere euskara planaren helburuak eta urtean egin beharreko lanak batzorde horrek markatzen ditu.

Eta zeintzuk dira enpresako euskara planak zehazten dituen irizpideak?

Enpresa barrura begira rotulazioa, identifikazioak, karpetak, langileek erabiltzen dituzten aplikazio informatikoak eta jasotzen dituzten dokumentuak euskaraz daude; hizkun-tza honi lehentasuna eman zaio. Kanpora begira, berriz, ez dugu irizpide zehatzik baina joera bat ikusten da. Adibide bat aipatzearren, azken egunotan Barakaldoko BEC-en izan den makina erremintaren azokan Danobat izan da gaztelania eta ingelesarekin batera euskarazko informazioa eman duen enpresa bakarrenetako bat eta horrek argi islatzen du kooperatibak euskara sustatzearen alde egindako apustua.

Kooperatibak euskara bultzatzeko hainbat tresna kaleratu ditu jada...

Bai, lehenik eta behin hitz teknikoak jasotzen zituen hiztegi txiki bat argitaratu genuen 2003an eta urtebete beranduago tailerreko eskuliburu teknikoa. Azken hori liburutegietan, enpresetan eta beste hainbat lekutan zabaldu genuen. Arrakasta haundia izan zuen eta agortu egin zen. Horregatik, 2008an argitaratu genuen berriro, berrituta eta Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean.

Orain beste pausu bat eman duzue eta Danobat Kooperatiban elkarlanean egindako hiztegi berritzailea ipini duzue Interneten, nahi duenak kontsultatu eta deskargatu ahal izateko, ezta?

Bai, beharrei erantzuteko momentu puntual batzuetan sortu zaizkigun zalantzak kontsultatu ondoren sortutako hiztegia da. Terminoak artezketa, tornu eta ebaketa eta zulaketako makina modelo batzuetako plano mekanikoetatik hartu ditugu eta, horretaz gain, artezketa prozesua definitzeko hainbat hitz, Danobatek 2003an argitaratutako hiztegiko hitzak eta 2004an argitaratutako tailerreko eskuliburu teknikokoak ere jaso ditugu. Momentuz 2.100 termino inguru jaso ditugu Interneten bidez makina erremintaren munduan aritzen diren guztiek kontsultatu eta deskargatu dezaketen hiztegi honetan. Hori bai, aurrerantzean hitz gehiago sartzen jarraituko dugu, hiztegia eguneratzen joateko. Gainera, terminoen ondoan pieza eta makinen irudiak gehitu ditugu.

Herritarrek ere badute hiztegirako terminoak proposatzeko aukera...

Hala da, nahi duten guztiek proposatu ditzakete hiztegi tekniko honetarako termino berriak. Guk denak jasoko ditugu eta hiruzpalau hilabetean behin hitz teknikoak lantzeko batzordean aztertuko ditugu jasotako proposamenak, hiztegira gehitu edo ez erabakitzeko.

Nori dago zuzenduta hiztegia?

Makina erremintaren sektorean lan egiten duten Euskal Herriko enpresa guztientzat eta arloko eskoletarako baliagarria izan daiteke hiztegia. Azken batean, enpresetan euskararen presentzia handitzeko beste tresna bat da.