getaria. Getariarrek Antxua Eguna ospatuko dute gaur, egitarau zabalarekin. Honela, antxoari buruzko jarduera teknikoarekin hasiko dute eguna eta 10.30ean harrera eta hitzaldia izango dira. Gainera, Juan Mari Arzak sukaldariak eta Conservas Nardín enpresako Leonardo Oliveri eta Milagros Olaizolak omenaldia jasoko dute Elkano arrantzaleen kofradian.

Arratsaldean jarraituko dute ekintzek eta 17.30ean Egun bat arrantzan antzerkia eskainiko dute plazan. Ondoren, musika eskolako trikitilarien eta Gure Txeruko dan-tza taldearen emanaldia izango da eta, jarraian, antxoa dastatzeko aukera eskainiko dute frontoian. Eguna borobiltzeko, AZ/DZ taldeak joko du leku berean.

Antxua Egunaren baitako festa giroak asteburuan jarraipena izango du eta bihar, 11.30etik 13.30era, haurrentzako tailerrak eskainiko dituzte plazan. Gauean berriz, Joxe Mendizabalekin erromeria izango da. Igandean aldiz, Arrantzale Eguna ospatuko dute eta, besteak beste, prozesioa izango da eta erretiratutako arrantzaleekin hamaiketakoa jan eta gero, 12.00etan estropadak jokatuko dira.

Asteburuan zehar Getariako udal aretoan jarri duten Egun bat arran-tzan erakusketa ikusteko aukera ere izango da.