Zamorro Txiki pertsonaia itzuliko da Orioko Inauterietara larunbat honetan
garai batean kale kantoietan ezkutatzen zen eta herritarrak zirikatzen ibiltzen zen
orio. Aurtengo Orioko Inauteriak nobedadeekin iritsiko dira. Udalak, ikastola, Zaragueta eskola, Txurrumuski aisialdi taldea, esperientziaren eskola eta gaztetxeareekin elkarlanean antolatu du larunbat honetarako egitarau zabala eta Inauterietako desfilea (18.00), Irrien Lagunak kantaren koreografia eta Zamorro Txiki pertsonaiaren itzulera nabarmendu dituzte antolatzaileek. Tabernetako mozorro lehiaketak ere izango direla aurreratu dute.
Mozorro desfilea 18.00etan hasiko da Bikamiotatik, eta herriko kaleak zeharkatu ondoren, Herriko plazan amaituko da 19.00ak inguruan. Lehen aldiz haurrak eta helduak elkarrekin aterako dira. Amaitzean, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sortutako Irrien Lagunak abestiaren Txurrumuskik prestatutako koreografia dantzatzeko aukera izango da (www.karkara.com web orrian dago ikusgai). Entsegu orokorra bihar, 19.30ean, egingo dute Ametsa gaztelekuan.
Dantza egin ondoren, Inauterietako desfilearen sari banaketa egingo dute: karrozarik ikusgarrienak eta taldeko, bikoteko edo banakako mozorrorik onenak sarituz.
Bestalde, esperientziaren eskolako kideek Zamorro Txiki pertsonaia berreskuratzeko saiakera egingo da aurten festan. Zamorro Txiki, garai batean, Inauteriak baino bi aste lehenago ateratzen zen, kale kantoietan ezkutatuz eta herritarrak zirikatuz. Honela, aurtengo desfilean zamorro txikiak izango direla iragarri dute. Zamorro txikiekin batera, Inauteriekin zerikusirik ez duen baina Orion ezaguna denKiki pertsonaia ere desfilean izango da.
Udalak bizilagun guztiak animatu ditu ekitaldietan parte hartzera "eta pasatu gabe, ondo pasatzera".