getaria. Ostiral honetan hasiko dira getariarrak askok gogoz itxaroten dituzten San Anton jaiak ospatzen eta bi asteburu luzez izango da ekitaldi mordoarekin goza-tzeko aukera. Urtero legez, bertso jaialdiarekin ekingo diote festa giroari eta goi mailako bertsolariak arituko dira taula gainean kantuan. Getaria G puntua izeneko saioan, Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapelduna, Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Iñaki Apalategi, Agin Rezola eta Jexux Mari Irazu arituko dira bertsotan. Emanaldia 22.00etan hasiko da frontoiko karpan. Josu Goikoetxea izango da gai-jartzailea. Sarrerak gaurtik aurrera jarriko dira eskuragarri udaletxean eta egunean bertan ere salgai izango direla jakinarazi dute Kultura saileko arduradunek.
Igandean jarraituko du jai giroak eta Getariako zaldizale taldeak antolatutako lasterketa jokatuko da Malkorbe hondartzan. IX. San Anton zaldi karrera 13.00etan hasiko da. Arratsaldean, berriz, 18.00etatik aurrera giza-proba izango da eta Gipuzkoako txapeldunak diren Orioko Heldu taldeko kideak arituko dira Getariako arraunlarien aurka lehian, Harritarten. Proban 20 minutuko saioa egin beharko dute 800 kiloko harriarekin.
txakolina, asteartea Astelehenean 17.30ean txokolatea banatuko dute plazan eta 19.00etan erraldoi eta buruhandien kalejira izango da Getariako musika eskolako trikitilariek lagunduta. Gauean, berriz, Joxe Mendizabalek jarriko ditu dantzan erromeriara gerturatzen diren guztiak.
Txakolinaren uzta berria aurkezteko balioko duen San Anton eguna, aldiz, asteartean ospatuko dute eta 9.00etan izango den Gazte Alaiak txistulari taldearen dianak iragarriko du egun osoko festa. Azoka ere zabalduko dute Harritarten 10.30ean eta Meza Nagusiaren ondoren, 12.15ean, plaza jendez beteko da edari preziatua dasta-tzeko asmoz. Zabale eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute gunea trikitixarekin eta Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña arituko dira bertsotan udaletxeko balkoitik, bi saio eskainiz. Arratsaldean, aldiz, herri kirolak jokatuko dira.
San Anton jaien bigarren asteburuan ere izango da zertaz gozatu. Honela, hilaren 22an (igandea) 12.30ean Getariako musika bandak kontzertua eskainiko du Salbatore Deunaren elizan.