getaria. Getariako udal Gobernuak (Bildu), Udalaren inguruko egoera ekonomikoa herritarren aurrean azaltzeko ekitaldi arrakastatsua egin zuen astelehen arratsaldean. Udaletxeko udalbatza aretoa txiki geratu zen gerturatu ziren guztientzat. Besteak beste, Gobernuan daudenetik sei hilabete igarota, hartu dituzten hainbat neurri azaldu zituzten.

Nika Lertxundi alkateak eta Aitor Irigoien eta Amaia Iribar zinego-tziek egin zuten aurkezpena. Alkateak, egungo krisiaren aurrean, Getariako "arazorik larriena" gastu arruntak "oso handiak" direla nabarmendu zuen eta hori oreka-tzen saiatuko direla jakinarazi zuen, "herstura ekonomikoa aplikatuz". "Ahalmenen gainetik gastatzen aritu da Udala", azaldu zuen Irigoienek.

2012an, 1.466.493 euro jasoko ditu Getariako Udalak Foru Aldunditik, baina 230.436 euro itzuli beharko dituela ere adierazi zuten. Bestalde, maileguak direla medio, Udala 2006tik "zorpetze maila handi" batean murgilduta dagoela jakinarazi zuten. Honela, adibidez, 2011ko aurrekontuen sarreren %6,5 (190.000 euro), mailegu horien itzulketara bideratu da.

Uneotan, Udala bi maileguri "buelta ematen" ari dela azaldu zuten: 2006an 20 urterako eskuratu zen 1,5 milioi euroko mailegua Lormendi aldapan eskailera mekanikoak egiteko eta 737.163 eurokoa, beste inbertsio batzuetarako. "2010eko urte bukaeran 1,8 milioi euroko saldoa zegoen oraindik itzultzeko. Eskailera mekanikoena nagusiki, 1,2 milioi eurokoa", gaineratu zuen Irigoienek. Urtean gainera, Udalak 63.500 euro bideratu behar ditu eskaileren mantenu-gastuetarako. Honen harira, alkatea Balenciaga Museoarekin harremanetan dagoela jakinarazi zuten, mantenu-gastua partekatzeko asmoz. Izan ere, jostun famatuaren museoa bisitatzera joaten direnek, eskailera mekaniko hauek erabiltzen dituzte egunero.

Gastuak orekatzeko hartu diren beste hainbat neurri ere azaldu zituzten. Honela, ekainetik, Udalak bi liberatu izatetik, bat izatera pasa da (alkatea soilik). Bestalde, goi karguentzat dirua %56 jaitsi dute eta urtean 70.109 euro aurreztea lortuko dela nabarmendu zuten. Zinegotzien dietak ere %20 murriztea onartu zuten atzo eginiko ezohiko udalba-tzan, urtean 3.888 euro aurreztuz.

Herritarrek galderak egiteko tartea ere izan zuten astelehenean eta bizilagun batek zinegotzien dietak jaitsi izana txalotu zuen. EAJko Andoni Aristik berriz, aurreko legealdian (EAJ) inbertsioetarako dirua lortu zutela gogoratu zuen eta garai honetan ere, "beharrezkoak" direla eta dirua lortzeko "ateak jo behar direla" nabarmendu zuen. Eskailera mekanikoak Sahatsaga auzokoentzat ere egin zirela gaineratu zuen. "Herritarrek benetan behar dituzten inbertsioak egingo ditugu", erantzun zion Irigoienek.