Zumarragako pailazo gazteak
Txirri, mirri eta txiribitonek secundino esnaola musika eskolako talde bat sarituko dute
TXIRRI, Mirri eta Txiribiton pailazoek 40 urte bete dituzte eta ospatzeko bideo lehiaketa antolatu dute. Haurrei hilero euren abesti bat grabatzea proposatu diete. Azaroan taldearen izena daraman kanta grabatu dute eta saria Urretxu eta Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolako talde batek irabazi du. Bihar jasoko dute, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior taldeak 17.00etan Zelai Arizti aretoan eskainiko duen saioan.
Pailazoek ikastetxe eta musika eskoletan ekimenaren berri eman zuten eta Mila Zubimendik parte hartzea proposatu zien bere ikasleei. Berehala baiezkoa eman zuten. Abestia ondo prestatu ondoren, azaroaren 11n bideoa grabatu zuten. Bederatzi eta hamar urteko zazpi neska-mutikok parte hartu zuten: Maddi Rodrigo, Naroa Iriberri, Luken Senosiain, Alain Alaminos, Mikel Aizpeolea, Elene Andola eta Irati Mendiak.
Helduen laguntza izan zuten: Mila Zubimendik pianoa jo zuen, musika eskolako dantza irakasleak koreografiarekin lagundu zien, euren gurasoek mozorroak lortu eta makilatu egin zituzten, Jesus Mari Garraldak grabaketa lanak egin zituen...
Euren bideoa boto gehien jaso dituena da eta, esan bezala, saria larunbat honetan emango da. Musika eskolak Nintendo Wii bideokontsola bat jasoko du eta aipatutako zazpi ikasleek eskolan aritzeko materiala. Bihar Zelai Ariztira joaten direnek, Txirri, Mirri eta Txiribiton Juniorren ikuskizunaz gain, saritutako zazpi lagun hauen saioaz gozatu ahal izango dute. Sarrerek lau euro balio dute eta txarteldegia 15.30ean irekiko da.
Urretxu eta Zumarragako zazpi pailazo txikiak dagoeneko abenduko bideoa prestatzen ari dira. Oraingo honetan abestuko duten kanta ere aski ezaguna da: Pintto, pintto.