Síguenos en redes sociales:

25 urte altzatarrekin

casaresek, donostiako lehen kultur etxeak, mende laurdena bete duela ospatu zuten atzo jai giroan

25 urte altzatarrekinIker Azurmendi

MENDE laurdena pasa da Casares kultur etxeak ateak zabaldu zituenetik. Donostiako lehen kultur etxea izan zen eta ez zen kasualitatea izan Altzan kokatzea. Izan ere, ordurako bertako bizilagun eta elkarteen jarduera jada nabarmena zen, eta etxe bat behar zuten: elkarteei baliabideak eta aholkuak eskain-tzea izan baita, hasieratik, Casares kultur etxearen helburu nagusietako bat.

Horregatik, 25. urtebetetzea ospa-tzeko garaian elkarteek bertan behar zuten izan. Atzoko egun osorako prestatutako jai giroko programaren baitan leku garrantzi-tsua izan zuten: Casareseko arduradunek eta altzatarrek auzoan lanean ari diren taldeei eskerrak eman eta omenaldi txiki bat egin zieten, baita oroimenezko plaka bat banatu ere. Urtebetetzea haiekin ospatu nahi izan zuten.

Elkarteekin egindako lana da, hain zuzen, Lourdes Gutierrez Casareseko zuzendariaren ustez Altzako kultur etxeak hasieratik mantendu duen ezaugarrietako bat. Bestea, auzotarrei haien gustuko ikastaroak eskaintzea eta altzatarren eskaerei erantzutea.

1986.ean ateak zabaldu zituenean ikastaro gutxi batzuekin abiatu zuen Casaresek bere ibilbidea eta udazkenean kultur aste bat ere antolatu zuen. Hilabete gutxitan, Altzako Historia Mintegia taldearen jaioleku ere izan zen. Eta berehala liburutegi zerbitzua zabaldu zuen. "Mailegu zerbitzua eskaini zuen lehenengo liburutegietakoa izan ginen; lehenak ere izan ginela uste dugu, baina ezin izan dugu hori konfirmatu", aipatu du Gutierrezek.

etxea

XVI. mendeko baserria

Udalak erosi eta berritutako baserria da Casares, XII. mendetik Altzan finkatutako familia noble baten etxea izan zena (seme bat Navas de Tolosa guduan aritu zela ere diote artxiboek, 1212.ean). XVIII. mendean eraikitako baserriaren egoera oso kaxkarra zen 80ko hamarraldian, eta kultur etxe bihurtzeko obrekin garai bateko itxura berreskuratu zuen.

Kultur jarduerak hartzeko baserri zahar bat berritzeko eredua Larrotxenen ere jarraitu zuten Donostiako Kultura arduradunek Casares zabaldu eta gutxira; eta ideia berari heldu zioten 2006an Casares parean dagoen Tomasene baserria berritu eta herritarrei zabaldu zietenean.

Izan ere, Casares txiki geratu zi-tzaien berehala altzatarrei, eta haur liburutegiarentzat lokal berri bat zabaldu behar izan zuten, Larratxon lehenengo. Beranduago heldu zen Larratxoko kultur zentroa eta baita Tomasene ere, liburutegiko zerbitzuak hobetzeko eta egungo Altzako kultur etxeen instalazioak osatzeko.

Urte hauetan Altza eta altzatarrak aldatu dira eta, nola ez, baita Casares kultur etxea ere. Lourdes Gutierrezek ekipamenduetan izan diren berrikuntzak nabarmendu ditu, hasiera batean zituztenekin pentsaezinak. Teknologia berriak ezarri dira eta, besteak beste, musika gela eta KzGune bat ere baditu orain Casaresek. Eta aldaketa guztien lekuko Casares irratia izan da, duela 20 urte martxan jarritakoa eta oraindik ere gazte askori mikroen aurrean lehen kontaktua eskaintzen dien tailerra antolatzen baitu Altzako kultur etxeak.

Instalazio berrien irekierarekin jarduera bakoitzak bere lekua topatu du Altzan. Hasiera batean kon-tzertuak ere hartzen zituen Casares baserriak, aretoak txikiak baziren ere; orain, leku zabala behar duten ekitaldiek, heavy egunekoek, adibidez, Larratxo dute horretarako: "Etxe bakoitzak bere lekua du", gaineratu du Gutiérrezek.

Dena den, oraindik ere areto berriak beharko dituzten ezin dute esan, kultur etxeko erabiltzaileek hazten jarraitzen baitute. Azken urtean bakarrik ia 400 bazkide berri egin ditu kultur etxeko liburutegiak, egun, Tomasenen kokatuta.

proiekzioak

Atzera begiratzeko unea

Dena den, 25 urte bete eta atzera begiratzeko une ezinhobea ere aprobetxatu zuten atzo kultur etxeko arduradunek. Horregatik, azken urteotako ibilbidea islatzen duen material grafikoa eta dokumentala bildu ondoren proiekzio bat eskaini zieten altzatarrei, kultur etxeko eta, horren bitartez, Altza osoko azken 25 urteen inguruan.

Baina kultur etxeak etorkizuna ere baduela azpimarratzeko egungo gaztetxoei ere tartea zabaldu diete Casaresen urteurren ekitaldietan eta kultur etxeari zorionak esateko marrazkiak egin dituzte altzatar gazteek. Haien lanekin erakusketa prestatu dute, Tomasenen hilabete bukaerara arte ikusgai izango dena.