Oiartzun. Oiartzungo Intxixu AEK euskaltegiak datorren abuztuaren 4ean XIII. Inaxio Ugarte Sagardo Lehiaketa antolatu du. Sagardo lehiaketa hau, xanistebanetan egingo den lehena izan arren, XIII. Inaxio Ugarte Sagardo Lehiaketa izango da, orain arte maia-tzean Sagardo Egunaren barruan kokatzen baitzen.

Xanistebanetako Sagardo lehiaketa honetan, Oiartzungo baserri eta etxeetan egiten den sagardoa dastatu ahal izango da. "Arestian esan bezala, aurtengo lehiaketa xanistebanetako Baserritar Egunean egiten den lehen aldia izan arren, gure asmoa herriko plazan Oiartzungo auzo guztietako sagardoa egotea da", adierazi dute antolatzaileek. Sagardo guztia dasta-tzeko, abuztuaren 4ean 11.50etik aurrera Doneztebe plazan sagardo postuak egongo dira.

Sagardo lehiaketaren irabazlea sagardoa dastatzen aritu diren guztiek erabakiko dute, edalontziak erosterakoan emandako txartelean beraien gustuko sagardoa duen postuaren zenbakia idatziko baitute. 13.30ak aldera, txartel guztiak bildu eta zenbatu ondoren, sagardo lehiaketaren irabazlea nor den esango dute. Irabazleak, XIII. Inaxio Ugarte Sagardo lehiaketaren oroigarria jasoko du.

Izen-ematea Txapelketa honetan bere edaria aurkeztu nahi dutenak garaiz dabiltza. "Xanistebanak ate joka ditugun arren, oraindik ere sagardo lehiaketan esku har daiteke eta horretarako parte hartu nahi dutenek euskaltegira deitu (Intxixu AEK euskaltegia. Fermiñene etxea 2. solairua. 943 493 957 / 607 534 263) eta bizpahiru sagardo kaxa noiz eta nora ekarri adostuko dugu", azaldu dute. Ekarritako sagardoa ordaindu egingo da.

Hortaz, herriko baserritarrak animatu nahi dituzte sagardo lehiaketan parte hartzera. "Besterik gabe, oiartzuar sagardozale guztiak Oiartzungo XIII. Inaxio Ugarte Sagardo lehiaketara gonbidatu nahi ditugu, sagardoaz gain festa-giro paregabea izango baita plaza inguruan", esan dute.