Zumaia. Dinastia Etxabe pilota txapelketaren 40. edizioa jokatuko da gaurtik Zestoan. Zumaiako Kirol Elkarteko kideek antolatzen duten arren, herrian dagoen frontoi falta dela eta Zestoan ospatzen da ekimena azken urteetan. Aurretik, Zumaiako Odieta pilotalekuan jokatzen ziren partidak. Aurten 20 bikote (zortzi jubeniletan eta hamabi maila nagusian) arituko dira txapela lortzeko lehian, abuztuaren 25 bitartean.
Gaur, 22.00etatik aurrera eta hilaren 29an jokatuko dira aurrekanporaketak eta partida guztiak maila nagusikoak izango dira. Honela, Jaka-Arzelus bikoteak Urionabarrenetxea-Biain izango du aurkari gaur gauean eta ondoren, Olaetxea-Perez bikoteak Jauregi-Kastillo pilotarien kontra jokatuko du.
Hasierako egutegia aldatu dute antolatzaileek. Izan ere, Arribillaga zen jokatzekoa Biainekin, baina elgoibartarra oporretara kanpora joan dela eta, Urretabizkaia aukeratu zuten ordezko gisa. Baina honek ere astelehenean Errenteriako txapelketako finalerdia Uzkudunekin irabazi ondoren, finala gaur bertan dute eta ezingo du Zestoan jokatu. Honela, azkenik, bere ordez Urionabarrenetxea markinarra ikusteko aukera izango da frontoian.
Txapelketak aldaketa gehiago ere izango dituela adierazi dute kirol elkarteko kideek. Hala, Iribarria Aramako pilotari gazteak, nahiz eta hasieran baiezkoa eman, txapelketan parte ez hartzea erabaki du, partida gehiegi pilatu zaizkiolako abuztuan zehar. Bere ordez arituko da Amezketako Altuna jokatzen. Adin bereko pilotaria da eta Murgiondorekin arituko da jokatzen abuztuaren 4ean (hasiera batean Erostarberekin abuztuaren 11ean jokatzea zegoen aurreikusita). Era honetan, Gallurraldek abuztuaren 11ean joka-tzeko aukera izango du, Erostarberekin bikotea osatuz.
Antolatzaileek urtero legez, aurtengo 40. edizio berezian ere pilotariek maila ona erakustea espero dute, zaleek gozatzeko aukera izan dezaten. Honela, final laurdenak abuztuaren 2, 9 eta 11ean izango dira, abuztuaren 16 eta 18an final erdiak eta txapelketa abuztuaren 25ean amaituko da, zaletuek gogoz itxarongo dituzten finalekin.