Izen-ematea zabalik da Zarauzko Zaporra pilota txapelketan
apuntatzen diren lehen hamabi bikoteek bakarrik izango dute jokatzeko aukeraFrontoi Txikin arituko dira pilotariak partidak jokatzen abuztuaren 1ean hasita, astelehen eta asteazkenetan
zarautz. Urtero legez eta hutsik egin gabe, Zarauzko Frontoi Txikin Patxi Zaporra Memoriala ospatuko dute Zarautz Kirol Elkarteko pilota saileko kideek. Aurten 47. edizioa beteko du bai ikusle kopuru aldetik eta baita partehartze aldetik arrakasta handia duen senior mailako txapelketak.
Frontoi Txiki Zarauzko herri gunearen erdian dagoen errebotedun pilotaleku laburra eta berezia da. Aurtengo txapelketari abuztuaren 1ean ekingo diote eta lau asteko iraupena izango du bertaratzen diren zarauztar eta bisitarien gozamenerako. Partidak astelehen eta asteazkenetan, 19.00etatik aurrera jokatuko dira eta euria egiten duelako saioren bat atzeratuz gero, ostegun edo ostiralean arituko lirateke jokalariak pilotarekin duten abilezia erakusten.
Zarauzko klubak jakinarazi duenez, iaz bezala, txapelketa honetan parte hartzeko, pilotariak federatuta egon beharko du. Halaber, bikote kopuru mugatua izango du eta gehienez ere hamabi bikote arituko dira bertan parte hartzen. Honela, soilik ekimenean izena ematen duten lehen hamabi bikoteek izango dute Zaporra Memorialean ari-tzeko aukera. Hori dela eta, antolakuntzak interesatuei "lehenbailehen" izena emateko gomendioa luzatu die. Epea zabalik dago, hilaren 22ra arte eta inskripziorik ez da ordaindu beharko. Pilotariek 943 831463 telefono zenbakira deitu edo zke-cdz@zarautz.com helbidera idatzi beharko dute izena emateko. Helbide elektronikora idaztea erabakitzen duenak, bikotearen datuak bidali beharko ditu. Hamabi bikotek izena ematean itxiko du klubak epea.
sari goxoa Hamabi bikote hauek lau multzotan sailkatuko dituzte eta bakoitza hiru bikotek osatuko dute. Multzo bakoitzekoak elkarren artean neurtuko dira eta talde bakoitzean garaipena lortzen duten lau bikoteek lortuko dute finalerdietara iristea. Honela, bikote bakoitzak gutxienez bi partida jokatu beharko ditu txapelketan zehar. Sari goxoa izango dute irabazleek. Izan ere, bi bikote finalistek eta baita 3. eta 4. sailkatuek, ohiko trofeoez gain, Argiñano jatetxean afari eder batekin gozatzeko aukera izango dute finalaren egunean.
Zarautzen udan oso ezaguna bihurtu da Zaporra pilota txapelketa eta helduen mailakoa bada ere, seniorreko pilotariekin joka-tzeko maila duten jubenilak ere onartuko ditu Zarautz Kirol Elkarteko pilota sailak.