zarautz URTEBETE igaro da Zarauzko tabernari ba-tzuk elkartu eta Zurekin ostalari elkartea osatu zutenetik. Horregatik, balantzea egiteko garaia dela eta, "gustura eta oso pozik" agertu dira, dagoeneko 100 kide direlako. "Elkartea osatzeko egin genituen saioen ondoren, urte hasiera honetatik aurrera ekitaldi ugari antolatu ditugu Zarauzko negua eta udaberria suspertzeko asmoarekin. Lortu dugulakoan gaude", azaldu zuen Igor Azpitarte ostalariak, Romero Ameztoy, Asier Aldalur, Pasku Exposito eta Maria Garrastazu lehendakariarekin batera, aste honetan turismo bulegoan eginiko agerraldian.

"Orain ehun ostalari gara Zurekin elkartean eta beste eragile asko bezala, gu ere elkartu eta talde aktibo bat izatera pasatzea erabaki dugu", nabarmendu zuen. Hilabete hauetan ospatutako ekitaldiei errepasoa egin zien Asier Aldalurek. Honela, Gabonetan 100 opari sortaz osatutako hiru saski zozketatu zituzten eta bertan Zarauzko ehun ostalarik jarri zituzten sariak. Urtarrilean, berriz, Zarauzko Ikurriña mus txapelketa berreskuratzea lortu zuten eta hiru hilabetetan zehar 220 bikote aritu ziren herriko 30 taberna ezberdinetan partidak jokatzen. Hilabete horretan ere, Zarauzko lehenengo Sagardo Eguna ospatu zuten eta Telesforo jatetxeko Begoña Astiazaran ostalaria omendu zuten.

Otsailean Ken Zazpi talde euskaldun eta ezaguna Zarautzera ekar-tzea lortu zuten eta jendetza gerturatu zen kontzertuaz gozatzera. Halaber, Ardo Astea ospatu zuten lehengo aldiz eta orduan hasi ziren lehen egunetik arrakasta handia izan duen asteazkenetako pintxo-poteoarekin. Azkena aste honetan egin zuten eta tabernak txiki geratu ziren denboraldiko azken pintxoak, edariekin batera 1,5 eurotan jateko prest zeuden herritar eta bisitarientzat. Udan lan gehiago izango dutela eta, irailaren erdialdera arte ez dute asteazkenetako pintxo-poteoa eskainiko, baina pozik daude herritarren eta bisitarien artean ekimen honek izandako harrera beroarekin.

"Martxoan aspaldi Zarautzen izan diren Iñauteri parethartzaileenak antolatu ziren ostalarien laguntzarekin. Taberna asko mozorrotu zituzten eta koadrilen arteko desfilea ere egin zen, lehen hiru politenei saria banatuz", gogoratu zuen Aldalurrek. Xabinaitor antzezlana ere ekarri zuten martxoan eta jende ugari aritu zen saioarekin gozatzen.

UDABERRI FESTEN AMAIERA GAUR

The Uski's eta Nena Daconte

Apirilean Zarauzko Ikurriñaren finala jokatu zen Santa Barbara jatetxean eta Celes eta Iñaki Lujan anaiek osatutako bikote zumaiarrak lortu zuen txapela. Bertan antolatutako mus azkarra ere irabazi zuten. Guztira, 12.000 euro banatu ziren saritan. Hilabete horretan ere Vaya Semanita antzezlana ikusteko aukera ere izan zen Zurekin elkarteak antolatuta eta honek ere erantzun ona izan zuen.

Aste Santua igaro eta gero, Udaberri Fest, Zarauzko lehen musika jaialdia jarri zuten martxan. BBK Live jaialdia eta gero, Euskal Herriko "potenteena" bihurtzea zuten helburu eta arrakasta handia izan dute. Izan ere, guztira 10.000 pertsona inguru erakarri ditu Udaberri Festek. Hiru hilabetetan zehar zor-tzi kontzertu izan dira: Bertsoak musikaz blai, Delorean, Anje Dualde, Txomin Artola, Intro, Mantisa, Skasti, Gatibu, Berri Txarrak, Esne Beltza, Hostoak, Zea Mays, Gose, Sorkun eta Fangoria. Jaialdia asteburu honetan amaituko da, gaur gauean, The Uski's talde euskaldunak eta Nena Daconte ezagunak eskainiko dituzten emanaldiekin. Horretarako gainera, 18 urte azpiko lagunentzat sarrera bereziak atera dituzte eta 20 euro ordaindu beharrean, 7 eurogatik izango dute Aritzbatalde kiroldegian, 22.30ean hasiko den ekitaldira sartzeko aukera. Sarrerak horiek gazte informazio bulegoan edo Sanz Enea kultur etxean eskuratu daitezke.

"Orain arte jendearen erantzuna ezin hobea izan da. Herrian kon-tzertu edo kultura gose handia sumatu dugu eta horren seinale da Udaberri Festen inguruan mugitu den jende multzo handia", gaineratu zuen Aldalurrek. "Eskerrak eman nahi dizkiegu zarauztarrei eta batez ere gure bezeroei eta Zarauzko Udalari. Beraien lagun-tzarik gabe ezin izango lirateke ekintza hauek denak aurrera atera", gaineratu zuen.

Ikastetxeetan bezala, etenaldia egingo dute orain, baina "sorpresatxo bat" egon daitekeela ere aurreratu dute. Ostalariek aurtengo urte borobila errepikatu nahi dute datorrenean eta horretarako, udazkeneko Txakolin Egunarekin hasiko dute ikasturte berria.