Baserritar jantziak, musika eta dantza izango dira nagusi gaur Getarian
euskal jai eguna ospatuko dute bizilagunek goizean goizetik, egitarau zabalarekin
getaria. Euskal Jai eguna ospatuko dute gaur getariarrek, goizean goizetik hasita eta egitarau zabalarekin. Baserritar jantziak, euskal musika eta dantza izango dira nagusi egun osoan. Honela, Getariako txistularien (Gazte Alaiak taldekoak, musika eskolakoak eta herri eskolakoak) goiz soinuarekin hasiko da Euskal Jaia. Ondoren, 10.30ean, Itsaslur Gourmet Getaria azoka zabalduko dute frontoian eta 14.00ak arte izango da bertako produktuak ikusi, erosi eta dastatzeko aukera. Gainera, 12.00etan Getariako produktuak dastatzeaz gain, sagardoa txotxetik edateko beta izango dute bertaratzen diren bizilagun eta bisitariek. Ordu berean, Gorriti eta bere animaliak arituko dira haurrekin jolasten Harritarten eta musika eskolako trikitilariak ere kalez kale ibiliko dira, festa girotzen.
Eguerdian, Gazte Alaiak taldeko txistulariekin dantza egiteko aukera izango da plazan eta ondoren, irrintzi lehiaketa eta trikitilari gazteen txapelketa jokatuko dira. Jarraian, larrain dantza saioa izango da Bilboko gaiteroekin eta gauean (23.00), Arrabots taldeak eskainiko du erromeria.