zumarraga. Herriko festa nagusiak Santa Isabel jaiak dira, baina Eitzaga auzokoek ere xarma berezia dute zumarragarrentzat. Aurtengoak gaur hasiko dira eta igandean bukatu. Azpimarragarria da Kantujira taldeak bere lehen saioa eskaini behar duela.
San Isidro jaietako lehen protagonistak haurrak izango dira. Gaur, 18.00etan, jolasak, buruhandiak eta txokolatada izango dira. Ordu berean frontenis txapelketako finalak jokatuko dira. 19.00etan, berriz, jai batzordearen txosna irekiko da. Ondoren poteo herrikoia izango da, trikitilariek lagunduta. Gauean afari herrikoia izango da. Trikitilarien musikaz eta Jon Plazaolaren bakarrizketez gozatzeko aukera izango da. Bukatzeko, 23.00etan herriko taldeek kontzertua eskainiko dute.
Bihar kirola izango da nagusi. 12.30ean toka eta pilota txapelketak jokatuko dira. 13.00etan poteoa izango da. Trikitilariekin, noski. 16.30ean herri krosaren 28. edizioa irtengo da. Bi ordu beranduago, 18.30ean, Zirko Eskola taldeak erakustaldia eta tailerra eskainiko ditu.
20.00etan berrikuntza nagusia izango da: sortu berri den Kantujira taldeak bere lehen saioa eskainiko du. Kideak 19.00etan elkartuko dira auzoko ermitan bilera egiteko. Nafar jotak abesten dituen taldeak, beti bezala, ez du kale egingo. Saioa 23.00etan hasiko da. Biharko ekitaldiekin bukatzeko, gauerditik aurrera Ehunzango batukada taldeak auzoko kaleetan joko du.
Igandean ere makina bat ekitaldi izango dira. Hasteko, Antzinako Ama txistulari taldeko kideek auzotarrak esnatuko dituzte. 10.00etan hasiko dira jotzen. Ondoren, 10.30ean, Zuhaitzaren soinua txalaparta taldearen saioa izango da. 11.00etan Meza Nagusia hasiko da. Goiargi abesbatzak parte hartuko du. Ondoren, 12.30ean, Zumarragako musika bandak kalejira eskainiko du eta aizkolarien saioa izango da Korta tabernaren plazoletan.
Urtero bezala, Irrintzi dantza taldearen Dantzari Txiki eguna Eitzagako jaiekin batera ospatuko da. Dantzariak 10.45ean elkartuko dira Geltokietako plazan eta 11.30etik 13.00etara herriko kaleetan dantzatuko dute. 13.00etan eta 17.00etan, berriz, Eitzagan arituko dira.
Karmakros antzerki taldekoek ere ez dute kale egingo. Euren saioa 18.30ean hasiko da. Bukatzeko, Ordiziako errondailak kalejira eskainiko du 19.30etik aurrera. Gainera, egunotan Scalextric erraldoia izango da auzoko Gazte Txokon.