Síguenos en redes sociales:

Azpeitiak XXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartela aukeratzeko lehiaketa antolatu du

Irabazleak 900 euroko saria jasoko du eta lanak maiatzaren 2tik 31ra arte aurkeztu ahal izango dira

Azpeitia. Azpeitiko Udaleko Kultura sailak 1983 urtetik antolatzen dituen Euskal Antzerki Topaketen 2011ko edizioa iragarriko duen kartela aukeratzeko lehiaketa abiatu du.

Lehiaketa honetan nahi duten herritar guztiek parte hartu dezakete eta proposamenak maiatzaren 2tik 31ra bitartean aurkeztu ahal izango dira udaletxean.

Parte-hartzaile bakoitzak egoki ikusten dituen teknikak eta materialak erabili ditzake kartela egiteko. Hori bai, lan guztiek 45 x 68 zentimetroko neurriak izan eta ondorengo testua eraman beharko dute: Azpeitia XXIX. Euskal Antzerki Topaketak 2011ko udazkena. Lehiaketaren irabazleak 900 euroko saria eskuratuko du eta aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat egingo da, ekainaren 3tik 15era arte, hain zuzen ere.

Lehiaketaren oinarriak azpeitia.net webgunean aurki daitezke. Hala ere, ekimen honen inguruan informazio gehiago eskuratu nahi duenak Udaleko Kultura saileko 943 157 068 telefonora dei dezake.