IRUN eta Hendaia arteko zubia sinbolo bat da jada, baina azkenaldian Hego eta Ipar Euskal Herria lotzen dituen beste zubi bat azaldu da: Segura. Goierriko herri hau mugatik oso urrun dagoen arren, bi aldeetako euskaldunen bilgune bihurtu da Iparra-Hegoa ekimenari esker. 16. edizioko ekitaldi nagusiak datorren astean izango dira.

Bihartik aurrera hitzaldiak izango dira kultur etxean. Guztiak 19.30ean hasiko dira. Bihar euskal komunikabideen historiaz hitz egingo dute Eneko Bidegain eta Aitor Zuberogoitia Huheziko irakasleek. Asteartean Mikel Etxeberria, Luis Fernandez, Pantxika Maitia eta Martxolo Otamendi paperezko prentsaren etorkizunari eta sare sozialetan euskarak duen tokiari buruz mintzatuko dira. Hi-tzaldiekin bukatzeko, asteazkenean Gaizka Arangurenek, Luzien Etxezarretak, Xabier Letonak eta Iñaki Sotok "Prentsa independenterik eta librerik ba al da?" galderari eran-tzungo diote.

Ostegunean, 19.30ean, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin bertso poteoa eta afaria izango dira. Kuxkuxtu txaranga lagun izango dute. Txartelak Elorripen eta Xaian jarri dira salgai. Ostiralean Angelu eta Hiriburuko ikastolako ikasleak Segurara etorriko dira eta herriko haurrekin pasako dute eguna: segurarrek herria erakutsiko diete, irratira joango dira, elkarrekin bazkaldu eta jolastuko dute, ikuskizunak eskainiko dituzte eta, bukatzeko, dantzaldia eta txokolate jana izango dituzte. Horretaz gain, iluntzean kale animazioa izango da eta 23.00etan kontzertua. Lapurdiko Xutik, Kataluniako La troba Kun Fu eta Bergarako Emon taldeek joko dute.

gonbidatu bereziak

Etxezarreta eta Bidart

Larunbat goizean mendi irteera eta haurrentzat jolasak eta tailerrak izango dira. 18.00etan Iparraldeko eta Hegoaldeko taldeek kirol norgehiagoka jokatuko dute eta 19.00etan taloak eta Arabar Errioxako eta Nafarroako ardoak dastatzeko aukera izango da. Ekitaldi hau Kuxkuxtu txarangak alaituko du. Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23.00etatik aurrera Lapurdiko Iñazki taldearekin dantzaldia izango da.

Azken ekitaldiak igandean izango dira. Goizean Kriseilu txistulari taldeak herriko kaleetan joko du, Euskal Herriko produktuen azoka izango da eta gisatu txapelketa jokatuko da. Gainera, Mutiko Alaiak txarangak, Baigorriko gaiteroek, Hazparneko joaldunek, Akelarre taldeko dantzariek eta herriko gazteen abesbatzak herria girotuko dute. 13.00etan txakolina dastatzeko aukera izango da.

14.00etan Euskal Herriko herrialdeen arteko lotura sinbolizatzen duen Gereziondoko ekitaldia izango da. Aurtengo gonbidatu bereziak Gure Irratia eta Irulegiko Irratia sortu zituzten Luzien Etxezarreta eta Jojo Bidart izango dira. 14.30ean herri bazkaria hasiko da eta ondoren sukaldaritza lehiaketako sariak banatuko dira. Aurtengo Iparra-Hegoa dantza saio batekin bukatuko da.