Santakrutz jai herrikoiagoak
Astelehenean hasi eta igandean bukatu. Lezok aste guztia Santakrutz jaien giroan murgilduta igaroko du. Aurtengo aurrekontua aurreko urteetakoa baino baxuagoa izan arren, herriko elkarteei esker, inoiz baino ekitaldi gehiago antolatu dira . Testua eta argazkiak Aitziber Muga
DAGOENEKO Lezok agortu ditu Santakrutz jaien erdia. Honela bada, gaur atseden eguna izango da, ekitaldi bakarra egongo baita haurrentzat, astebururako herritarrek indarrak har ditzaten.
Aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat festak Santakrutz bezperan, astelehenean, hasi zirela da. Honela, Jai Batzordeak egun hau nabarmendu nahi du. "Herritarrei eta herrian kokatzen diren enpresei egun horretan jai har dezaten eskatu diegu", adierazi zuen Iñigo Esnaola zinegotziak. Hala eta guztiz ere, gutxi izan dira gomendioa jarraitu duten lantegiak. Baina, pixkanaka ohitura hori aldatzen joango dela eta Santakrutz herriko egutegietan gorriz ipiniko dela uste dute.
Astelehenean, alkate txikiek txupinazoa bota zuten jendez beterik zegoen Gurutze Santuaren plazan. Lehenengo jai egunaren beste ekitaldi garrantzitsua Allerru, Altzate, Ixkulin eta Tiñelu elkarteen danborrada izan zen gauerdian. Udalak inbertsio garrantzitsua egin du jai hauetan, 300 bat kupel eta danbor berrien erosketarekin. Esnaolak onartu zuenez, "diru kopuru garrantzitsua suposatzen du, baina egin behar zen eraberritzea da".
Baina, Oarsoaldea eskualdeko azkeneko festen egun handia asteartea izan zen. Erretiratuak eta arrantzaleak izan ziren protagonista nagusiak eta bi bazkari jendetsu antolatu zituzten: itsasgizonek Irurtzun jatetxean eta 65 urtetik gorakoek Lintzirinen.
Atzo, berriz, baserritarren omenez egin ziren ekintza gehienak: ganadu feria, idi-dema, bazkaria Ixkulin eta Tiñelu elkarteetan...
Baina, 2010eko santakrutzek protagonista berri batzuk ere izango dituzte: "Herriko gazteriari buruzko gogoeta batean konturatu ginen 12-18 urte bitartekoentzat ekimenak falta zirela. Orain arte, haurrentzat eta helduentzat ziren jaietako ekintza gehienak eta hori parekatu nahi izan dugu. Baina hau posible izan da gazteek programa antolatzerako garaian parte-hartze zuzena izan dutelako", azaldu zuen zinegotziak. Gazteentzat prestatu diren ekitaldi berezien artean apar festa, saskibaloi lehiaketa, skate erakusketa, zinta lasterketa, poker eta mus txapelketak, karaokea eta dantzaldiak daude.
Festa giroak igandera arte iraungo du. Marmitako txapelketa, muxiko eguna, Josetxo Etxandi XXXV. Oroitaldiko herri mailako pilota txapelketaren finala eta rock kon-tzertuak izango dira datozen egunetan. "Ez dira egun gehien izan dituzten Santakrutz jaiak, baina bai ekitaldi kopuru gehien bildu dituztenak", azpimarratu zuen Xanti Val Kultura teknikariak programazioaren aurkezpen egunean.
Eta hau guztia posible izan da, aurreko urteetan baino aurrekontu apalago batekin. Esnaolak paradoxa honetarako azalpen bat dauka: "Murriztu egin dira Udalak zuzenean kontratatutako ekitaldiak. Baina herriko hainbat elkartek antolatzen dituztenak nagusitu dira". Honela, jaiak inoiz baino herrikoiagoak izango direla ziurtatu zuen. Jai Batzordean hemere-tzi elkartek parte hartu dute.
Más en Gipuzkoa
-
Fin de semana de playa en Gipuzkoa con alguna amenaza
-
Hondarribiko Udalak HAPOAren behin-behineko onarpen proposamena onartu du
-
Vecinos de Urola Erdia se movilizan para reclamar una conexión de autobús directa con el Hospital Donostia
-
El paso subterráneo de Egia podrá utilizarse desde mañana, sábado 21 de junio