Mozorroek irekiko dituzte gaur elgetako festak
Bazkariak, umeentzako jolasek eta Gosek girotuko dute Eskoriatza
elgeta. Gaur hasi eta igandera bitartean Ferixa Nagusiko jaietan murgilduko dira elgetarrak. Aurtengo festetako lehenengo txanpa etxeko txikienei zuzenduta egongo da, 17.00etatik aurrera antolatuko dituzten jokuen eskutik. Mozorroek lekukoa hartuko dute 19.30ean eta, honi jarraituz, alkate txikiari agintea eman eta brindisa egingo dute horrela ospakizunei hasiera emanez. Gauean, mozorro afaria izango da protagonista Herriko plazan, eta 23.00etan, erromeriaren txanda helduko da. Ohiturari jarraituz, Larrain dantza taularatuko dute 24.00etan.
Bestalde, talogile, sagardo, euskal dantza, trikilari eta buruhandiek girotuko dute gaur Eskoriatzako sanpedroetako azken eguna. Euskal jaiak erakargarri ugari gerturatuko ditu herrira. Beraz, goizeko hitzordu eta herri bazkariaren ondoren, arratsaldean apar festarekin goza-tzeko aukera izango dute gaztetxoek (16.30). IV. sanpedroetako kantu txapelketa jokatuko da 18.00etan eta 19.30ean, euskal preso eta errefuxiatuen aldeko ekitaldia eramango dute aurrera. Musika, aldiz, Amaiur eta Gose (23.30) taldeek jarriko dute.