Hondarribia. Laurehun abeslari inguru bilduko ditu igande honetan Hondarribiko XXI. Herri Kanta Jaialdiak, Udaletik aditzera eman diren datuen arabera.
Guztira, eta iaz bezala, hamaika abesbatzak izena eman dute igande honetan 11.00etatik aurrera Gipuzkoa plazan egingo den ekitaldi nagusian parte hartzeko. Taula gainera igoko den lehenengo abesbatza, iaz estreinakoz aritu zen Amuitz izango da, Marisol Etxepareren zuzendaritzapean.
Honen ondoren, Kasino Zaharra abesbatzak egingo du bere saioa, Junkal Gaskon zuzendari duela eta honen atzetik, Ander Ribesek zuzentzen duen Surbesta taldearen txanda iritsiko da.
Jarraian, eta laugarren tokian, Zumardikoak abesbatzak bere derrigorrezko bi lanak abestuko ditu, Iñigo Salaberriaren zuzendaritzapean; eta Arantza Lasak zuzentzen duen Kardineruak taldeak izango du ondoren bere txanda.
Olagarro elkarteko korua ere Gipuzkoa plazan izango da igande honetan, Mikel Zuazabeitiak zuzenduta eta ondoren, Goxoki elkarteko kideek abestuko dute, Alberto Lasak zuzenduta.
Xarmanta emakumezkoen koruaren txanda izango da hurrengoa, Pili Anuncibayren zuzendaritzapean eta jaialdiko banakako saio hauek ixteko, Klink, Amute-Kosta eta Ohittur abesbatzek egingo dute saioa, José Ignacio López, Josemari Etxaburu eta Nagore Iridoy zuzendari dituztela, hurrenez hurren.
Abesti ezagunak Saio guzti hauetan, abesti aski ezagunak entzuteko aukera izango du Gipuzkoa plazan XXI. Herri Kanta Jaialdia ikustera joatera animatzen den publikoak. Bagare, Xalbadorren heriotza, Jeiki jeiki euskaldunak, Boga boga, edo Maitia nun zira izango dira hauetako batzuk, eta tartean ere, Javier Busto hondarribiar musikariaren Porrusalda eta Amodio fidela, edo Gorka Sarriegik Sorotan Bele taldearen garaietan konposatu zuen Arratsalde honetan ezaguna, beste askoren artean.
Banakako saioak amaitu ondoren, hamaika abesbatzek Ikusten duzu goizean eta Agur Jaunak abestuko dituzte, jaialdiari itxiera ofiziala emateko. Gogoratu beharra dago baita, euria egiten badu, taldeen kontzertua 12.00etatik aurrera egingo dela Portuko Elizan.
Saio honen ondoren, kantu giro eta jaiak jarraipena izango du. Amuitz, Kasino Zaharra, Surbesta, Zumardikoak, Kardineruak, Olagarro, Goxoki, Xarmanta, Klink, Amute-Kosta eta Ohittur taldeek herri bazkaria egingo baitute Santiago kalean eta arratsaldean ere, seguru, abesten ariko dira hiriko kaleetan.
Egun berezia Herri Kanta Jaialdiarena egun berezia izaten da Hondarribian kanturako zaletasuna dutenen artean. Ekimen hau, gainera, duela 21 urte egin zen parte-hartze prozesu baten ondorioa izan zen. Prozesu beretik sortu zen abuztu amaieran egin ohi den Herri Giroa jaia eta biek, onespen handia dute hondarribiarren artean.
"Herri Kanta Jaialdia urteko ekimen finkoetako bat da eta osasun onean dago; aurten ere, talde berri bat izena emateko zorian ibili da, baina azkenean ez da hala izan", aipatu zuen atzo Xabier Tifek, Hondarribiko Kultura arloko zinego-tziak.
Parte hartzen dutenen artean, badira egun honetarako elkartzen diren kantuzale taldeak. "Gure kasuan, taldearen sorreraren iturria izan zen Herri Kanta Jaialdia, 2006. urtean. Ordurako 25 lagun elkartu ginen eta aurten, 75 abeslari izango ditugu", dio Hondarribiko batzokian egoitza duen Zumardikoak koruko zuzendari Iñigo Salaberriak.
"Herri kantak abestea eta euskaraz egitea da gure taldearen helburua, eta hala egiten dugu bai Gabonetan, bai Santa Ageda bezperan eta baita urteroko Herri Kanta Jaialdian. Egun polita da hau, azken finean, Hondarribiko kaleei giro eta xarma berezia ematen dielako eta denok elkar ezagutzen dugulako. Poteo eta bazkari garaian urte osoan edo denbora luzean ikusi ez ditugun lagunekin egoteko aukera ere izaten dugu", azaldu du Salaberriak.