Azkoitia. Urola bailarako hamahiru eragilek Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak Iraurgi Lantzen agentziaren laguntzarekin eta Euskalit fundazioaren eta Basquetour agentziaren bidez kudeatzen dituen Kalitate Turistikorako ziurtagiriak jaso zituzten atzo arratsaldean Azkoitiko Intsausti Jauregian.

Eskualdean lehen aldiz egindako ziurtagirien banaketarako ekitaldi horretan Pilar Zorrilla, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Saileko sailburuordea, Julian Eizmendi, Iraurgi Lantzen Garapen Agentziako lehendakaria, Asier Aranbarri, Azkoitiko alkatea eta bailarako udaletako eta sektoreko ordezkariak izan ziren.

Banatutako Kalitate Turistikorako ziurtagiriak hiru helburu ditu: "enpresa turistikoen barne kudeaketa hobetzea; bezeroen gogobetetasuna bermatzeko kontrolak ezartzea eta instalazioen segurtasuna eta konforta bermatzea".

Eragileak Urola bailaran turismoaren sektorea bultzatzeko lana egiten duten hamahiru eragilek jaso zuten proiektuan inplikatutako erakunderen errekonozimendua eta eskertza.

Horietatik, bost establezimendu Azkoitikoak dira, lau Azpeitian kokatuta daude, hiru Zestoan eta bat Zumaian.

Azkoitiarren artean Joseba, Iturri eta Bai Azkoitia jatetxeek, Kuku Herri aterpetxeak eta Larramendi Torrea hotelak eskuratu zuten Kalitate Turistikorako ziurtagiria.

Azpeitiarren artean, berriz, errekonozimendua Kiruri eta Jai Alai jatetxeentzat, Larrañaga hotelarentzat eta Burnibidearen Euskal Museoarentzat izan zen eta Zestoarren artean, Aizarnan kokatutako Aranburu landetxearentzat, Ekainberrirentzat (Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak eskuratu zuen ziurtagiri hori) eta Sastarrain aterpetxearentzat. Azken ziurtagiria Algorri, Zumaiako Naturaren Interpretazio zentruak jaso zuen.

Ekimenaren sustatzaileek saritutako eragileak zoriondu zituzten "bailarako turismo sektorean pausu inportantea eman dutelako". Hala ere, kalitateko errekonozimendua "etengabeko hobekuntza prozesua" dela nabarmendu zuten.