zarautz. Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartearen (Aspanovas) aldeko Mobi Bik Eguna ospatuko dute igande honetan. Aspanovasek urtero egiten duen jaialdia Zarautzen egingo da. Zoritxarrez elkarteko kideen kopurua handitu egin da eta horiei laguntzeko "botika bakarra umorea" dela azaldu dute antolatzaileek. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere parte hartuko dute etziko jaialdian baina aurretik, ekitaldi ugari izango dira haur, gazte eta helduentzat.

Goizean, 11.00etan, Zarauzko Igerain Gain plazan (Salbide auzoa) elkartuko dira haurrak bizikleta gainean eta jarraian, Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulari profesionalekin bizikleta martxa egingo dute gaztetxoek. Herriko kaleetan barrena eta Malekoian ibiliko dira. Bizikleta martxa eta gero, 12.00etan hasita, bertsolariak, abesbatzen emanaldiak, Wazemank-eko kideak eta beste hamaika sorpresa izango dira udaletxe aurrean. Arratsaldean jarraituko dute ekintzekin eta 16.00etan, Pirritx eta Porrotx pailazoen saioa izango da, besteak beste.