Eibar. Eibarko Udalak Euskara Mintegiarekin elkarlanean sortutako www.eibarko-euskara.com webgune berria aurkeztu zuen atzo Portalea kultur etxean.
Era berean, Udaleko agintariek "hiriko kaleetan hitz egiten den euskara propioa jasotzeko" helburuarekin bultzatutako webgunearen aurkezpena aprobetxatu zuten Serafin Basauri euskaltzalea omentzeko.
Serafinek Oteizak egindako Txopitea eta Pakea eskulturaren erreproduzioa jaso zuen Udal ordezkarien eskutik, beti ere, "bere bizitza osoan Eibarko euskararen alde egin duen lana eskertzeko".
Webgune berria www.eibarko-euskara.com webgune berrituan Eibarko euskera hiztegiaren itxura "gaurkotu egin da" eta edukia "orraztu eta txukundu".
Edonola ere, webguneak atal berriak ere erakusten ditu "euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako albisteak ikusteko eta euskararekin zerikusia duten egitasmoen inguruko informazioa emateko".
Horrela bada, webgunea bisitatzen dutenek Eibarko Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren eta herriko memoria historikoa berreskuratzeko asmoarekin egindako Eibartarren Ahotan edo Ahotsak bezalako egitasmoen ezaugarriak ezagutzeko aukera izango dute
Era berean, bibliografia zabala eta Eibarko euskarari buruzko ikerketa eta liburu askoren erreferentziak aurki daitezke webgunean.
Eduki guzti hori zehazteko ere, Serafin Basauriren laguntza izan du Eibarko Udalak.