Síguenos en redes sociales:

"Zorion perfektua" filmarekin hasiko da ostiralean Gabonetako euskarazko lanen programazioa

Zarauzko modelo zineman eskainiko dute "andu"-ren liburuan oinarritutako pelikula"Pluk", "Rh + Sevillako banpiroa" eta "Olentzero eta oparien ordua" obrak izango dira proiektatuko diren beste batzuk

Zarautz. Zarauzko Udalak haur eta gazteei zuzendutako euskarazko zinema programazio zabala antolatu du datozen Gabonetarako, eta ostiral honetan hasiko da filmak eskaintzen, Modelo zineman. Hainbat egunetan zehar sei film eskainiko dira hiru eurotan, Kultura zinegotzi Arantza Iturriak azaldu duenez, "oporraldian, herritar guztiek aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eduki dezaten". Zorion perfektua izango da eskainiko den lehen filma eta ostiralean, 19.30ean proiektatuko dute. Aurkezpen berezia egingo dute gainera Anjel Lertxundi Andu eleberriaren idazleak, Jabi Elortegi zuzendariak, Anjel Illarramendi musikagileak eta Alberto Berzal aktoreak. Aurtengo Donostiako Zinemaldian estreinatu zen pelikula.

Larunbatean, Pluk eskainiko dute 17.00etan hasita eta hurrengo egunean ordu berean errepikatuko dute. Udalak proiektatuko duen beste obretako bat Sukalde kontuak izango da hilaren 11n, 19.30ean. Abenduaren 19an eta 20an, berriz, 17.00etan ikusi ahal izango da Rh + Sevillako banpiroa eta abenduaren 26an eta 27an, Olentzero eta oparien ordua. Urtarrileko 2 eta 3an amaituko da programazioa, Barriola San Adriango azeria pelikularekin.

"Gurasoek beren gauzak egiteko denbora eduki dezaten laguntzeko xedea ere badu lehenengo aldiz egingo den ekimenak", nabarmendu du Iturriak. Eusko Jaurlaritzako Kultura sustatzeko zuzendaria den Mikel Toralek adierazi duenez, jarduera hau 17 Udalekin eta Euskadiko Filmategiarekin sustatutako Zinema Euskaraz Gabonetan ekimenaren baitan antolatu da. Honela, Toraleren esanetan, "belaunaldi gazteenek alternatiba bat izango dute oporraldian zehar euskaraz ongi pasa-tzeko, egunero erabili ohi duten hizkuntzan".