Ataun. Joxemiel Barandiaran ikastetxeak 25 urte beteko ditu hilaren 9an eta hori ospatzeko hainbat ekimen antolatu dira Ataunen. Liburu bat eta bi DVD argitaratuko dira, argazki zaharrekin erakusketa irekiko da eta Eguzki Berri aldizkariaren ale berezia aterako da. Gainera, 9an ikasleekin ekitaldiak izango dira, 12an haurren eguna ospatuko da, 18an kultur jaialdia izango da eta 19an kirol jardunaldia eta herri bazkaria izango dira.
Irakaskuntza Ataunen 1609-2009 liburua hilaren 11n aurkeztuko da, 19.00etan, ikastetxean bertan. Herritar talde batek bildu du herriko eskolaren historia. Eurek jasotako informazioaren arabera, 1609tik 1840ra bitartean irakasleen izendatzea eta irakaskuntzaren ardura Udalaren gain egon zen. 1953an, berriz, Joan Jose Barandiaran apaiza hil zen eta bere ondasunak Ataungo irakaskun-tzarentzat utzi zituen. Ondorioz, karmelita lekaimeak Ataunera etorri ziren. Handik urte batzuetara, 1966an, ikastola sortu zen.
1970ean karmelitak herritik joan ziren eta horrek arazo larriak sortu zituen. Horiei aurre egiteko, Patronatua sortu zen eta berehala ikastolarekin bat egin zuen. Ondoren San Martin eskola nazionala elkartu zitzaien. Hala, Patronatuak Ataungo irakaskuntza bere gain hartu zuen. 1984an irakasle eta ikasle guztiak egungo eraikinera joan ziren.
Bertan, hamaika ekimen atera dira aurrera. Tartean, Eguzki Berri aldizkaria. Lehen pausoak eraikin zaharrean eman zituen, 1980an sortu baitzen. Dagoeneko 84 ale kaleratu dira eta aipatzekoa da argitalpen honek 2002an Euskaldunon Egunkariaren saria jaso zuela. Hurrengo alea berezia izango da: bertan azken 25 urte hauetako gertakaririk garrantzi-tsuenak bilduko dira.
Ataungo eskolaren azken mende laurden hau nolakoa izan den erakusteko beste bi ekimen ere antolatu dira: argazki zaharren erakusketa irekiko da eta bi DVD argitaratuko dira. Erakusketarako eskolan eta herriko etxeetan zeuden irudi zaharrak eskaneatu dira. 400 argazki inguru izango dira ikusgai ikastetxean bertan, hilaren 5etik 8ra bitartean. DVDei dagokienez, bata ikasleek eta irakasleek egungo eraikina estreinatu zutenekoa da. Irudietan garai hartako guztiak azaltzen dira, gelaka. Inaugurazio ekitaldiko irudiak ere ikus daitezke. Bigarren DVDan, berriz, 1985-86 ikasturteko ikasleak ageri dira gimnasia egiten.
Bestalde, aipatu bezala, ekitaldiak ere izango dira. Abenduaren 9rako, inaugurazioaren urteurren egunerako, egungo ikasleentzat ekintzak antolatu dira. Hilaren 12an, berriz, umeen eguna ospatuko da. Herriko ikasleentzat bazkaria eta ekintzak antolatu dira. Bestalde, hilaren 18an kultur jaialdia izango da. Bertan, eskolarekin harremana izan duten artistek eta egungo ikasleek parte hartuko dute. Ekitaldia antzokian izango da eta 17.30ean hasiko da.
Bukatzeko, abenduren 19an kirol jardunaldia eta bazkaria izango dira. 10.30etik aurrera eskolako kiroldegian herri-kirol eta atletismo probak egingo dira. Ikastetxeko ikasle ohiek parte hartuko dute. Azkenik, nahi duten herritar guztientzat bazkaria antolatu da. Bittor jatetxean izango da, 14.00etan.