Etorbide elegante bat, Parisen. Arkitekturaren berezko jitea nahikoa ez? Errotulu bat gehituko dugu orduan.
Errotuluak hala esango du: Paris. Eta urtea ere zehaztuta geratuko da izenaren ondoan: 1940.
Franko esanda dago horrekin. Toki eta urte horiekin.
Hondamendia esanda dago. Hekatonbea. Munduaren akabera.
The end. Das Ende. Fine. Fin. Edo beste hitz labur batekin esanda: gerra. Gerra betea. Edo ez hain betea agian, 1940ko hasieran baldin bagaude -errotuluak ez du hainbeste zehaztu. 1940. urtearen hasieran, gerra baino gehiago, gerraren promesa Pariseko airean. Gizateriak ezagutu duen gerrarik handienaren, krudelenaren, efektiboenaren agintza. Gerra guztiak amaiaraziko zituen gerra handiaren ondoren etorri zen gerra are handiagoa.
Gerra zain, hor nonbaiten, eta denak gerraren zain.
Eta zain.
Bitartean: interferentzia txikiak, xuxurlak, irrati emanaldi toxikoak, urliak dio, sandiak hala ere, baina berendiak!
Soldaduen mugimendu ulertezinak, gauero dardarka oheratzen diren arren egunez ezer gertatuko ez balitz bezala jarduten duten hiritar, fabrika-langile, etxekoandre, egunkarisaltzaile, abokatu, moja, txofer, arrantzale, okin, zapatari, diputatu, bulegari, eskola-ikasle eta nekazariak. Baina askoz gehiagorik ez, momentuz. Gerraren alde honetan, 1939ko irailetik, ez baita ezer gertatu. Ekaitz urrunaren trumoiak entzungai, propaganda histerikoaren bonbardaketa edonon. Drôle de guerre esaten diote oraindik, txantxetako gerra. Kar-kar-kar.
Gero, sei astetan, dena gertatu da. Hain azkar, txantxa bat ematen baitu. Mendebalderantz oldartu da munstroa.
Erori dira Herbehereak. Mapatik borratu dute, adibidez, Rotterdam hiria, Espainiako gerran entseatzen ibili diren infernuko hegazkin horiek. Erori dira Luxenburgo, Belgika eta, azkenik, heldu da munstroa bere benetako helmugara, antzinako etsaiaren etxera: Frantzia. Erori da Paris, bete-betean jo du tximistak. Imajinaezina zen eta hala ere gertatu da. Imajinaezina dena ere gerta daitekeelako, batez ere hemendik aurrera. Bai horixe.
Amaitu da txantxa. Sei astetan. Ekainaren 14a da, ostiralarekin,
eta alemanez bete da Paris. Ilehoriak. Kaskagorriak.
Doixtarrak. Botxeak. Edonon.
Manuel Irujok -jelkidea, Errepublikako ministroa, beste gerra batetik Londresen erbesteratua- halaxe idatzi dio Manu de la Sotari orduan: “Katastrofea gertatu da. Jainkoak hala nahi izan du. Hala bedi”.
Bukatu da udaberria eta hasi da okupazioa.
Hirurehun mila soldaduk Dunkerquetik egin dute ihes, itsasoaz bestaldera. Hamar milioi biztanlek -hamabi ere izan daitezke, auskalo- ihesa saiatu dute, oinez, gurdiz, kotxez, kamioiz edo bizikletaz, zeina bitartekorik eraginkorrena suertatu den azkenean, errepide blokeatuetan barna sigi-saga ibiltzeko. Hegoalderantz, beti hegoalderantz.
Frantziako bideak odolez, zapataz, haur galduz eta desesperantzaz blaitu dira. Frantziako populazioa odolbildu bat da Frantziako bideetan harrapatuta. Zerutik, stuka abioiak pasadaka, ahal duten oro leherraraziz. Baina munstroak gehiago nahi du. Munstroak dena nahi du, azken bizi-hausporaino.
Ontziratzea lortzen dutenak ere zartatzen saiatuko da, urpekontziak zelatan, eztandaren bila. Hankaz gora lurra, erraiak bistan, borborka itsasoa, galipota eta odola.
De Gaulle Londresen, eta Pétain-ek lana, familia eta aberria. C’est fini. Hauxe da Paris orain: svastikak eraikin ofizialetan, ondo jantzitako polizia atzerritarrak luxuzko hoteletan. Heldu da Hitler, Heil Hitler. Hiru orduko free tour bat egin du argiaren hiritik, Garnier opera jauregian hasi du ibilbide azkarra, eta Trocaderon historiarako selfie batekin amaitu. Hiru ordu Parisen, bere bizitzako aurreneko bisita, baita azkena ere, goizaldean burutua, begira ez dagoen hiri batean, soil geratu den hiri batean, hiri irekia, errazegi ireki ez ote den hiria. Ekainaren amaiera da.
Bukatu da udaberria eta heldu da Hitler, Heil Hitler. (…)
Gogoan hartu: Paris. Gogoan hartu: 1940. Esan dezagun jada -gero entzuteko aukera izango dugunez- etorbide honek Marceau izena duela. Ez gara oraindik Marceau hiribidetik mugitu beraz. Bare dirudi etorbideak, denak dirudielako bare Parisen orain, udako hilotz bat bezain bare. Hutsik dago etorbide zabala, baliteke txorien txioak ere entzutea tarteka. Autorik ez, bizikletarik ez. Baina Paris, baina 1940. Zer dator orain? Ezer onik ez, seguru.
Etxe dotore baten aurrean gaude, eman dezagun pistaren bat edo beste, irudia irmo sor dadin: jauregitxo bat da, bertan hôtel particulier deitzen duten etxebizitza notable horietako bat, hiru pisutakoa, fatxada zuri eta garbia gerra betean ere. Bigarren pisuan, balkoitxoak, eta haga biluzi bi, banderarik gabe. Gizon talde bat agertu da orduan, irmo zapaltzen duten horietakoak. Pantaila urratu dute inpunitate osoz eta han azaldu dira, trumilka baina isilpean. (…)
Baina egon. Arretaz begiratu. Denak dira ilehoriak?
Denak alemaniarrak eta denak naziak?
Ez! Talde horren baitan, apur bat uzkurtuta akaso, kamerak bat-batean eskainiko digun plano ertain baten bitartez, pertsonaietako batek deituko du, bere berezitasunagatik, gure arreta. Ez da ilehoria eta ez da altua. Baxu samarra da, egia esanda, eta beltzarana, boxeolari itxuraduna; hogeita hamasei urte ditu eta bere karrera kriminalaren hastapenetan baino ez dago. Ahoa ireki aurretik badakigu: espainol bat da. Esan dezagun jada -gero entzuteko aukera izango dugunez- espainol horren izena Urraca dela, Pedro Urraca Rendueles, lagunentzat (lagunik balu) Perico, eta Parisen nazientzako lanean diharduen urte horietan Unamuno ezizenaz ere ezagutuko dutela. Esan dezagun halaber Espainiako Enbaxadako agregatu poliziala dela 1939ko azaroaren 8tik; hau da, Lequerica enbaxadorearen txakurra Parisen. (…)
Egun gutxi dira eraikin hori abandonatuta geratu dela, Pariseko hainbat eraikin -gehienak, egia esanda- abandonatu diren moduan. Agirre lehendakaria izan da alde egiten lehenengoa, baina gaizki aukeratu du norabidea, Belgikara joan baita familia bisitatzera, maiatzaren hasieran, munstroa hain urrun eta hain azkar iritsiko zela ez-jakitun. Sekulakoa izango da haren peripezia hurrengo hamabost hilabeteetan, naziek okupatutako Europan barrena, Ameriketara iristea lortzen duen arte, heroi bihurtuta.
Peripezia horrek ere merezi du pelikula bat, dudarik gabe, baina ez da hau, zalantzarik gabe esan dezakegu hori ere.
Besteek, Parisen geratu direnek gaua eta behe-lainoa ateetan joka izan arte (Leizaola, Basaldua eta Onaindia, besteak beste), hegoalderantz egin dute, beti hegoalderantz, milioien exodo horretara batuz. Historiako lehenengo Eusko Jaurlaritzatik geratzen dena hau da orain: jauregitxo abandonatu bat, haga biluziak, Gestapoko botek zapaltzen duten pasabide bat, eta polizia espainol bat amorru itsuz, anbizio kamutsez betea, merituak egitea ahalbidetuko dion edozeren bila.
Pasabideak barne-lorategitxo batera darama, oraindik zaindua. Han, burdinazko iturri bat, urik gabekoa. Gero, beste sarrera bat, beste egurrezko ate bat. Bortxa keinu bat orain, edo beste giltza bat.
Orain bai, barruan daude.
Lurretik botatako paper gutxi batzuk gorabehera, oro har garbi dago jauregitxoa. Lanpara dotoreak eta alfonbra lodiak. Marmolezko eskailerak. Egur zaharraren usaina.
Erbesteratutako gobernu txiki eta menderatu baten egoitza izan da jauregitxoa orain dela egun gutxi arte, baina diru askorekin soportatu ahal izan dute euren penitentzia, pentsatu du Urracak. Pareta hauen baitan, Pariseraino iristea lortzen zuten euskal errefuxiatuei laguntza ematen zitzaien, propaganda makineria bat mugitzen zen, goi mailako aliantza politikoak saiatzen ziren. Hala ere, ze interes dauka Gestapok, mundu-gerra baten erdian, euskaldun hauekin, mendean hartutako gobernu txiki eta ezgauza honekin? Interesik batere ez, egia esanda. Baina Francisco Franco izeneko aliatu potentzial bat limurtu nahian, horrelako lanetan ere sartu dira: Espainiako gerra zibiletik ihesi Frantzian ezarri diren errepublikazale, komunista eta separatisten errepresioan. Oin-ohar bat beren errepresioaren historia luzean, hutsaren hurrengoa haientzat. Baina, gure ikusleak ere ados egongo dira, oin-oharretan ezkutatzen diren horiek ere merezi dute pelikula bat.
Eta bai, bada hau.
Esan dezagun azkar burutzen dutela erregistroa. Esan dezagun badakitela gutxi gorabehera zeren bila dabiltzan.
Esan dezagun ilehori horietako batek artxibategi bat zabaltzen duela, eta karpeta bat atera. Ikuskatzen du, ez du ezer ulertzen.
-Unamuno! -tipo beltzaranari deitu dio.
Eta Unamunok alemaniarrak eskuratzen dion karpeta hartzen du bere atzapar beltzekin. Begiratu egin du.
Pare bat orri igaro. Txukun mekanografiatutako lerroak eta lerroak. Lehen plano bat orain. Hollywoodeko bilau baten erdi-irribarrea marrazten zaio aurpegiaren erdian Pedro Urraca Renduelesi. Hara! esango dute ikusleek orain.
Naziak konpartsa baino ez ziren. Hauxe da benetako gaizkilea beraz. Hau da hau!