Mailari eusteko aurrerapauso handia eman zuen Eibarrek Elbaren gol goiztiarrari esker Athletici beraien etxean irabazita. Jokoan hiru minutu besterik ez zeramatzatela, Van Deursen saiatu zen ate zulatzen, baina bere baloiak zutoinean jo zuen; han zegoen ordea, Elba, ondo kokatuta, errematea egin eta partidako gol bakarra sartzeko.

Athletic saiatu arren, ez zen arrisku handirik sortzeko gauza izan, eta lehen zatian defentsa ederra erakutsi zuen Eibarrek, hasierako golak emandako lasaitasuna ondo baliatuz.

Bigarren zatian etxeko taldeak gola sartzeko abaguneren bat izan bazuen ere, Miralles atezainak lan dotorea egin zuen.

Garaipen garrantzitsua

Neurketaren azken zatian markagailua defendatzen aritu zen nagusiki Eibar, bigarren gola egiten saiatu baino. Sinbolikoki ere oso garaipen garrantzitsua zen eurentzat, azken urteotako derbirik irabazi gabeko bolada eteteagatik eta dinamika onari eusteagatik. Izan ere, hiru partida baitaramatzate jarraian golik jaso gabe, puntuak batu eta sailkapenean gora egiten, mailari eusteko helburua lortzeko borrokan.