Aurreko jardunaldian Butarquen Leganes liderrari irabazita balentria handia egin ondoren, Burgos hartuko du Ipuruan Eibarrek. Gaztelakoak, behin salbazioa ziurtatuta, Lehen Mailara igotzeko aurkari zuzen bihurtu dira, eta Joseba Etxeberriaren eta Jon Perez Boloren arteko arbel-lehia ere bizi ahal izango da, entrenatzaile biak izan zirelako Athleticeko (18.30ean).

Zenbakiek adierazten dutenez Burgos etxetik kanpo talde ahulagoa bada ere, Eibarrek jakin badaki ezin dela fidatu.

Joseba Etxeberriaren baja garrantzitsuena Juan Berrocal erdiko atzelaria izango da, joan den jardunaldian bi txartel aterata kaleratu eta partida bateko zigorra bete beharko duelako. Atzealdeko erdialdeko postua Frederico Venancio portugaldarrak bete lezake, lesiotik erabat osatuta baitago.

Beste zalantza nagusia eskuin hegalean izango du, Rober Correa lesionatuta dagoelako, eta hor jokatu ohi duen Alvaro Tejero joan den astean deialdian sartu ez zelako. Armaginen entrenatzaileak jakinarazi duenez, aste honetan deialdian sartuko omen da osatuta dagoelako.

Azkenean Tejerok hamaikakoan lekurik izango ez balu, Butarquen emaitza positiboa eman zion esperientzia errepikatzeko aukera izango luke Etxeberriak, hegalen Jose Corpas kokatuta.