Eibar bigarren postutik gertu
Armaginek Vila-Realen bigarren taldeari egingo diote bisita, hiru puntu lortzeko asmoarekin
Igotzeko postuetan jarraitzekotan puntuak lortzeko premiarekin jokatuko du gaur Eibarrek Vila-Real Bren aurka La Ceramica zelaian. Aukera paregabea izango da goialdean dabiltzan taldeetara gerturatzeko, nahiz eta asko serio dabiltzan. Norgehiagoka 21: 00etan izango da.
Joseba Etxeberriaren mutilek eten egin zuten Oviedon porrotik gabeko hamar partidetako bolada ederra, baina ondo erreakzionatzeko gauza izan ziren eta aurreko jardunaldian Levanteren aurka garaipen bikaina lortu zuten, galtzen hasi eta emai-tza iraulita.
Vila-realen bigarren taldearen aurka jokatzeko, Juan Berrocal erdiko atzelariaren baja garrantzitsua izango du Etxeberriak, txartel pilaketagatik. partida bateko zigorra bete beharko baitu. Bere hutsunea betetzeko Frederico Venancio portugaldarrak izango du hasierako hamaikakoan sartzeko aukera, azken jardunaldiotan entrenatzaile gipuzkoarrak zelaitik aparte eduki ostean.
Berrocalez gain Rober Correa eta Álvaro Tejero atzelariak ere ez dira jokatzeko moduan izango min hartuta daudenez. Baja horien ondorioz hutsik dagoen eskuin hegaleko postua José Corpasek bete lezake berriro, azken bi jardunaldietan oso txukun jardun eta gero.
Behin Sportingek, Valladolidek eta Espanyolek jardunaldi honetan jasotako porrotez jabetuta, Eibarrek ondotxo daki garaipenak sailkapeneko bigarren postura igotzea ahalbidetuko liokeela, 33 puntura iritsi eta Leganes liderrarengandik hiru puntura kokatuz.
Eibarrek eta Vila-real Bk bi aldiz bakarrik jokatu dute elkarren aurka txapelketa ofizialean, biak joan den denboraldian. Vila-realen bina berdindu zuten, eta Ipuruan 2-0 irabazi zuten armaginek.
Vila-realen bigarren taldeak hiru partida jarraian daramatza etxean irabazi gabe, eta dinamika hori aldatzea izango dute helburu, sailkapeneko behealdetik ihes egiteko.
Vila-real Bko entrenatzaile Miguel Alvarezek jokalari batzuk berreskuratuko ditu partida honetarako, lehen taldearekin zeudenetako batzuk bigarren taldeko diziplinara itzuli baitira, besteak beste Jorge Pascual eta Carlos Romero, eta eskura izango ditu partida honetarako.
Aitzitik, Hugo Perezek eta Alberto Del Moralek lesionatuta jarraitzen dute, eta Adrià Altimira lehen taldeko deialdian sartu da.