Síguenos en redes sociales:

Eibar, sailkapeneko goiko aldera bidean

Eibar, sailkapeneko goiko aldera bideanN.G.

Zaragoza liderrarengandik puntu bakarrera dagoen Teneriferen aurka jokatu du larunbat honetan (16.15etan) Eibarrek. Hirugarren garaipena lortu nahi du jarraian talde armaginak, oraingoan Ipuruan, gorantzako bideari eutsi eta sailkapeneko goiko aldera iristeko asmoarekin

Joseba Etxeberriak entrenatutako jokalariek bi garaipeneko bolada ona daramate bata bestearen segidan, eta horri esker, orain hiru jardunaldi azkenak izatetik hamabigarren posturaino igo ahal izan dira.

Tenerife sendoaren aurka jokatzeko, lesionatuta zeuden Rober Correa eta Venancio berreskuratuko ditu Etxeberriak. Baja bakarra, beraz, Konrad de la Fuente estatubatuarra izango da, eta itxura batean ez zaio denbora askorik falta deialdietan sartzeko moduan izateko.

Talde bien arteko neurketen erabateko balantzea oso orekatua bada ere –armaginek zortzi garaipen lortu dituzte, Tenerifek zazpi, eta orain arte jokatutako 24 partidetan bederatzi berdindu egin dituzte–, azken bost norgehiagokak talde gipuzkoarrak irabazi ditu. Martxoan jokatu zuten azkenekoan Eibar nagusitu zen Heliodoro Rodriguez Lopez zelaian, Corpasen golari esker.  

Bestalde, hurrengo astean etxean bi partida jarraian jokatu beharko dituenez, ez litzateke harritzekoa izango Asier Garitano entrenatzaile bergararrak errotazioak egitea, sei egunen buruan, Racing de Santander (asteartean) eta Burgos (igandean) hartuko dituztelako. Realeko teknikari ohiak ez ditu jokateko moduan izango Nikola Sipcic eta Aitor Sanz kapitainak.

ATARIKOA

EIBAR Luca; Tejero, Berrocal, Arbilla, Cristian; Sergio Álvarez, Matheus, Aketxe; Mario Soriano, Stoichkov eta Quique.

TENERIFE Juan Soriano; Aitor Buñuel, José León, Loïc Williams, Nacho Martínez; Corredera, Bodiger; Teto, Roberto López, Mo Dauda; eta Enric Gallego.

Epailea J.L. Guzmán Mansilla.

Ordua/estadioa 16.15etan/Ipurua.